Anaitasuna aldizkariaren Interneteko hemerotekan aldaketa batzuk egin ditu Euskaltzaindiak, eta bilatzaile berritua gehitu. Bilatzaile berri horrek aldizkariaren katalogoan egindako azken hobekuntzak aprobetxatzen ditu. Horren ondorioz, aldizkarietako artikuluen bilaketak hobeto egingo dira, besteren artean eremuka egin ahal izango direlarik.
2010eko abenduan, Bilboko Udalarekin batera egin zuen agerraldian, Euskaltzaindiak aurkeztu zuen Anaitasuna aldizkariarekin burututako lana. Izan ere, aldizkariaren ibilbide osoa -420 zenbaki eta 6.395 artikulu- sistematizatu eta digitalizatu ostean, bai Akademiaren webgunean baita Bilboko Udalarenean ere kontsultagai jarri zen. Lana Bilboko Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenari esker burutu zen. Egitasmoa Joan Mari Torrealdaik zuzentzen duen Jakin aldizkariaren taldeak egin zuen.
Anaitasuna aldizkaria 30 urtetan zehar argitaratu zen: 1953ko ekainetik 1982ko apirilera. Webgunean, aldizkariak urte horietan zehar argitaratu zituen 420 zenbakiak daude ikusgai. Zenbaki horietako edukiak lau modu desberdinetan sailkatuta daude: egile, gai, artikulu eta urteen arabera. Artikulu bakoitzari fitxa bat dagokio. Fitxen egitura beti bera da: egilea, izenburua, saila, zenbakia, data eta orrialdea.
Aldizkariaren 420 zenbakiak PDF eta HTML formatuko dokumentuetan ordenatuta daude, urtez urte eta zenbakiz zenbaki multzokatuta.