.EUS domeinua lortzeko ekimena abian da 2007tik, eta bide horretan, urrats handiak egin diren arren, handiena eta azkena falta da: eskaria aurkeztea. Urtarrilaren 12an, ICANN erakundeak lehen mailako domeinuak eskatzeko epea ireki zuen, eta apirilaren 12 arte egongo da zabalik. Hori horrela, PuntuEus Elkartea eskaria biltzen duen dokumentua lantzen eta izapideak egiteko eginkizunetan buru-belarri dabil.
Eskaria aurkeztu eta gutxienez zortzi hilabete itxaron beharko dira emaitza jasotzeko, hori baita ebaluazio-faseak izango duen gutxienekoa iraupena. 2013ko udaberrian, beraz, .eus errealitatea izan daiteke eta urte luzeetako lanaren ondoren, Interneteko euskararen eta euskal kulturaren komunitateak bere izen edota sinbolo propioa izango du.
Proiektu handia izan da hasieratik. Dimentsio handikoa. .eus tresna gisa sortzeak ekar ditzakeen onuren dimentsio berekoa. .CAT-en adibidea ikusi besterik ez dago. .CAT-ek aurrez katalanez ez zeuden webguneek katalanezko bertsioa izatea lortu du. Eta aurrez sortuak ez zeuden edukiak sortu dira katalanez. Hau da, katalanaren presentzia areagotzeaz gain, eduki berrien sorkuntza ere bultzatu du.
Zalantzarik gabe, jada existitzen den Interneteko euskara eta euskal kulturaren komunitatea modu indartsuan sustatu eta sendotuko duen tresna izango da .eus domeinua. Eta, era berean, Internetek berezkoa duen aniztasun kulturala ere indartu egingo du.
Ez da ezer falta. Laster dugu .eus gure artean. Baina .eus tresna gisa lortzea ez da helburua, tresna hori erabiliz proiektuaren azken helburua lortzea baizik: Interneten euskara eta euskal kultura sustatzea.
2007an abiatu genuena, hortaz, hasi besterik ez da egin.