Gaur, azaroaren 30ean, Erlea kultura aldizkariaren bosgarren zenbakia aurkeztu da Bilbon, BBK Aretoan. Aldizkaria Euskaltzaindiak argitaratzen du eta Jose Irazu "Bernardo Atxaga" idazle eta euskaltzain osoa da zuzendaria. Pamiela argitaletxea arduratzen da edizioaz eta diseinuaz. Erlea 5 aldizkariak bi gai nagusi ditu: Euskal Herria eta komikiak, batetik, eta autoak, bestetik.
Bernardo Atxaga zuzendariarekin batera, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Gorka Martinez BBK Fundazioko buruak aurkeztu dute aldizkaria. Atxagari biek eman dizkiote eskerrak, egiten duen lanagatik, eta euskaltzainburuak BBKren babesa ere azpimarratu du, aldizkaria argitaratzen laguntzen baitu.
Atxagak azaldu bezala, Erlea aldizkariak baditu hiru ardatz nagusi: batetik, idazle ezagunen lanak argitaratzea; bestetik, hain ezagunak ez diren, edo ia anonimatuan diren sortzaileenak ezagutaraztea; eta hirugarrenik, alde grafikoa, hots, “azalean ikusten dena -esan du-, artistak eta pintoreak aldarrikatzea, alegia”. Horiei eutsi die bosgarren zenbakiak. Honek, hala ere, Erlea aldizkariren ikurra dakar, Bernardo Atxagaren hitzetan: marrazki bat, Jon Zabaletak marraztutako erle bat, behin eta berriro agertzen dena aldizkariaren orrietan, testuen artean jolasean: “Erlearen ikurra aurkitu dugu eta erabiliko dugu”.
Erlea 5 aldizkariak bi gai nagusi ditu: Euskal Herria eta komikiak, batetik, eta autoak, bestetik. Aldizkariaren azala Marta Cárdenasek egin du.
Komikiei dagokienez, Juan Carlos Eguillor zena omentzen du Erleak, Atxagak idatzitako "Marrazkilari baten heriotza" artikuluaren bidez. Horretaz gain, “Euskaldunak komikian” artikulua egin du Iñaki Berazategik, “Zazpi oggi Frantzian” idatzi du Joxan Sagastizabalek, Joseba Luzuriagak “Eta komikia Arte bihurtu zen: Roy Lichtenstein hamar binetatan” artikulua sinatzen du. Bestalde, Euskadi Sioux, Ipurbeltz, TBO, Bécassine au Pays basque ... bezalako argitalpenetan publikatutako irudiak ere jaso dira.
Autoen inguruan, aldiz, Kike Amonarrizek, Piarres Aintziartek, Felix Ibargutxik, Lorenzo Rojok edota Xabier Mendiguren Elizegik idazten dute.
Zaldieroaren komikia, “Urrezko liburutegia” eta “Foroa - azkenaldiko liburuak” ohiko atalak ere ekartzen dizkigu Erlea-k. Bestelako gaiak badira aldizkarian: Marta Cárdenasen objektuak, José Fernández de la Sotaren, Iñigo Aranbarriren, Joxemari Iturralderen eta Juan Kruz Igerabideren poema banaren “atzeko aldeak”.
Arratsaldean, irakurketa berezia
Bestalde, gaur bertan, Erlea aldizkariaren zenbaki berriaren irakurketa berezia egingo da, iluntzeko 19:30ean, Bilboko BBK Aretoan (Kale Nagusia, 19). Musika eta irudiak lagun dituztela, irakurketa horretan aldizkarian parte hartu duten hainbat sortzaile izango dira. Emanaldia Euskadi Irratiaren eta Radio Euskadiren laguntzarekin antolatu da.
Joxean Goikoetxeak, Jabier Muguruzak, Iñaki Berazategik, Kepa Altonagak, Jon Zabaletak eta Jose Miel Elustondok, Joxemari Iturraldek, eta, seguruenik, Marta Cárdenasek hartuko dute parte.