Xalbador ez ezik, Xabier Lete ere izango du gogoan 2011ko Xalbador Egunak. Urriaren 8an eta 9an Urepelen egingo den aurtengo festaren goiburua "Xalbador eta Xabier Lete" izango da eta, urtero bezala, musika, bertso edota herri kirolak uztartuko ditu. Urriaren 8an, Benito Lertxundik kontzertua eskainiko du, eta 9an, Ez dok Amairuri buruzko bideo bat ikusiko da. Bestalde, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sebastian Lizaso eta Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe II bertsolariak, eta Erramun Martikorena eta Xendarineko ahizpak Urepelen izango dira.
Deiadarra elkarteak eta Euskaltzaindiak antolatzen dute Xalbador Eguna, eta bi erakundeotako ordezkariek atzo, Donostian eta Baionan, aurkeztu zuten egitaraua. Donostian hauek izan ziren: Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkari eta Jagon sailburua, Itxaro Bethart Deiadarra elkarteko kidea, eta Joxe Mari Iriondo ohorezko euskaltzaina. Arratsaldean, aldiz, beste aurkezpena egin zuten, Baionan, eta bertan, Bethartekin batera, Jean-Baptiste "Battittu" Coyos euskaltzaina izan zen, Akademiaren izenean.
Aurten Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien eta Urepeleko Herriko Etxearen laguntza izan dute antolatzaileek. Hauxe izango da egitaraua:
Urriaren 8an, larunbatean:
· 19:00: Gipuzkoako gazte talde baten poesia errezitala.
· 21:00: Benito Lertxundiren kontzertua, frontoian.
Urriaren 10ean, igandean:
· 09:30: Xalbadorren etxolara mendi ibilaldia, etxola eta Urepele ezagutzeko.
· 10:30: Meza, nahi dutenentzat eta Xalbadorren hilobira bisita.
· 12:00: Xabier Lete eta Ez Dok Amairu-ri buruzko bideo emanaldia. Ondotik hitzaldia, Joxemari Iriondoren eskutik
. 12:00: Herri kirolak, Donazaharre (Baxe Nafarroa) eta Mutrikuko (Gipuzkoa) taldeekin. Ikusgarria: sokatira, sega, orga altxatzea eta lasto altxatzea.
. 13:00: Dantza ikuskizuna, Bergarako Osintxuko taldearekin.
· 14:00: Bazkaria, Erramun Martikorena eta Xendarineko ahizpak alaiturik.
· 15:30: Haurren txokoa.
· 15:30: Bertsolariak pilotalekuan: Maialen Lujanbio, Amets Arzalluz, Sebastian Lizaso eta Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe II. Gai-jartzailea: Joxemari Iriondo.
· 17:30: Erromeria, trikitilariekin.
Amaiatzeko, hauxe gogoratu nahi izan dute antolatzaileek: larunbateko afarian edota igandeko bazkarian parte hartu nahi dutenek, aldez aurretik abisatu beharko dute tokia erreserbatzeko, telefonoz deituz 0033624332995 zenbakira, urriaren 1a aitzin.