Gaur, maiatzaren 27an, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-ren III. liburukia aurkeztu du Euskaltzaindiak. Aurreko biak bezala, liburukia Euskadiko Kutxaren babesaz argitaratu du Akademiak eta, oraingoz, bi euskarri desberdinetan eskaintzen du: paperean eta CD formatuan, aurrerantzean sarean jarriko duelarik. EHHAren III. liburu horretan 271 kontzeptu bildu eta landu dira, guztiak lexikoari buruzkoak, eta bi multzotan jaso dira: batetik, lurretik erne eta hazten diren landare eta fruituen ingurukoei buruzkoan, eta bestetik etxe-abereei buruzkoan.
2010eko apirilean EHHAren I. eta II. liburuak aurkeztu ziren. Orain, III. liburukia kalean dela, "egitasmo honen sendotzea" aipatu du Andres Urrutia euskaltzainburuak, "urtez urte aldi luzeetan ondutako isilpeko lana kaleratze eta gizarteratzearen" garrantzia azpimarratu duelarik. Harekin batera, Xabier Egibar Euskadiko Kutxaren Negozio Garapenaren Areako zuzendariak Atlasa "asmo handiko proiektua" dela esan du, besteak beste "datu eta kontzeptu kopuru zabala eta esanguratsua bere-gain hartzen dituelako, horretarako lan taldeak antolakuntza, jasotze, informatizazio, azterketa eta katalogazio lan eskerga jorratu duelarik".
Adolfo Arejitak azaldu bezala, "EHHA honetako inkestak egin ondoren, euskara mintzatuak aldakuntza handiak ezagutu ditu, orohar. Nekazaritza eta abelazkuntzari loturiko gizartea tipitzen eta zahartzen joan da, eta hiritarra handitzen. Euskarazko mintzagaiak zeharo aldatu dira. Herri Hizkeren Atlasak galdetu eta bildu dituen izen asko edo galduak edo galzorian dira, bizimodu aldaketa bizkorraren ondorioz. Horretxetan datza, besteak beste, Euskaltzaindiak burutzen ari den Atlas honen garrantzia: herri-hizkera tradiziozkoaren ezaguera bermatzea, eta birrerabilera ere, dagokion kasuan, erraztea".
III.liburukian zer jaso den azaldu du jarraian: "Beste hizkuntza batzuetako Dialektologia Atlasetan egin ohi den bezala, tradizioko bizimodu eta ingurumenaren ingurukoak dira galdetu diren gai edo kontzeptuak, eta berdin III. liburuki honetakoak. Jorratzen direnak ondokoak dira: batetik, lurra, euskal gizakia bizi den lurra; lur horretan erne diren belar, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; lurrak berez edo gizakiaren eraginez ematen dituen uztak; eta bestetik, euskal gizakiarekin belaunez belaun bizikidetza estuan bizi izan diren animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak".
Lurraren atalean, besteak beste, landare txikiak lantzen dira, bai eta fruitu eta fruitu-arbolak, fruitu-mota batzuen azalen izenak, barazkiak edota belar mota ezagunenak ere. Bigarren multzo nagusia etxe-abereei buruzkoa da, baina animalion izenak bere soilean bilduz gainera, ar-eme eta adinaren araberako izenak ere jaso dira; baita euren gorputz atalak, janari-prozesuak, produkzio-emaitzak, egoitzak, eritasun-sendabideak, euren inguruko jardun-lanak ere bildu dira, hau da, etxe-abereen inguruko prozesu osoari buruzko izendapenak.
1984an abian jarri zen egitasmo honen buruak hauek izan dira: Jean Haritschelhar, Beñat Oihartzabal, Andolin Eguzkitza eta Adolfo Arejita, gaur egungo zuzendaria dena.
Bestalde, Gotzon Aurrekoetxea eta Xarles Videgain dira egitasmoaren arduradun teknikoak. Hauetaz gain, inkestak egiten eta transkribatzen, mapak elaboratzen eta informatizatze lanetan hauek ibili dira urte hauetan guztietan: Isaak Atutxa, Iñaki Camino, Ana María Etxaide, Jose Maria Etxebarria, Izaskun Etxebeste, Aitor Iglesias, Gorka Intxaurbe, Jon Irigoras, Amaia Jauregizar, Juan Antonio Letamendia, Juantxu Rekalde, Koro Segurola.