Joseba Agirreazkuenagak Paulo Iztuetaren laguntzaz prestatu duen Barne-muinetako Sabin Arana Goiri : Gutunak I (1876-1903) liburua sorta baten zortzigarrena da, Euskal Pizkundeko pertsonaia nabarmenen gutunak argitaratzea helburu duen sorta batena, hain zuzen ere.
Orain arteko beste guztiak idazleak edota itzultzaileak izan dute gaitzat (Orixe, Zaitegi, Lizardi eta Bingen Ametzaga) baina oraingoan politikari eta ideologo bat da protagonista, euskal abertzaletasunaren sortzailea, Sabino Arana Goiri. Hortxe kokatu beharko genuke, hain zuzen ere, lehenengo hausnarketa: Arana ez zen politikari hutsa izan, baita ere idazle, kazetari eta kultur eragilea izan zen, era berean goian aipaturiko besteak ere idazle huts izan ez ziren bezala, guztiek izan baitzuten dimentsio politiko nabarmen bat.