Esan bezala, Euskadiko Kutxak 10 urterako utzi dio Euskaltzaindiari Hiztegi Hirukoitza. Bi liburu dira, eta 800 orritik gora, eta hemendik aurrera, ikertzaileen esku egongo dira. Kontsultak errazago egin ahal izateko, Kutxak 200 faksimil egin ditu, horietako batzuk, jatorrizko obrarekin batera, Akademiari laga dizkiolarik.
Larramendiren Hiztegi Hirukoitza "benetako lan paregabea" zen, Luis Villasanteren iritziz. Koldo Mitxelenak ere garrantzi handia eman zion Larramendiren obra osoari; Pruden Gartziak gogorarazi duenez, urte askotan baztertua izan zen Larramendiren obra, hiztegia barne, eta Mitxelena izan zen lana, eta egilea, berriro plazara ekarri zituena.
Hiztegiak hitzaurre oso luze bat du eta Loiolara erretiratu zenean idatzi zuen autoreak. Espainiar Hizkuntzaren Errege Akademiaren Hiztegia argitaratu berria zela, Larramendik oso-osorik euskaratu nahi izan zuen, erdaldunak euskal hizkuntzaren aberastasunaz konbentzitzeko.
Bere idazlanetan ikus daitekeenez, euskararen defendatzaile sutsua zen Larramendi (1690-1766). Kultura handiko gizona zen eta jarraitzaile asko izan zituen. Bere garaiko gizonik jakintsuenetako bat izan zen eta orduko idazle askoren gidari bezala ageri zaigu -Mendiburu, Kardaberaz-. Mugarri garbi bat markatzen du euskal historian, ez bakarrik euskarari dagokionez, baita historia politikoari dagokionez ere: Sobre los Fueros de Guipuzcoa obran, independentziaren aukera planteatu zuen; idazlan hori zentsuratua izan zen, eta 1983ra arte ez zen ezagutu. Telletxea Idigorasek argitaratu zuen lehen aldiz.