Martxoaren 18an, Jose Ariztimuño Aitzol-en jaiotzaren 115. urteurrenean, Tolosako Gorosibel kaleko 12. atarian, jaio zen etxean, bere omenezko plaka ezarri zuten. Hau izan zen Aitzol - Euskal Pizkundea urteurrenaren hasierako ekitaldia. Plaka zabaldu ostean, Tolosako Kultur Etxera joan ziren omenaldian parte hartu zutenak, eta Aitzolen testuak irakurri zituzten. Biharamunean, Zintzoen Basoa sortzeko lehen ekimena burutu zuten Tolosako neska mutilek, zuhaitzak landatu zituztelarik herriko Elosegi parkean, Euskal Pizkundeko partaideen omenez.
Aurtengo urriaren 17an, 75 urte beteko dira Jose Ariztimuño Aitzol (Tolosa, 1896 - Hernani, 1936) fusilatu zutela. Aitzol eta bere belaunaldia gogora ekartzeko asmoz, eta omenaldi gisa, 2011. urtea "Aitzol - Euskal Pizkundearen urtea" izendatu du Tolosako Udalak. Hainbat erakundek parte hartuko dute omenaldian, eta Euskaltzaindia da horietako bat.