Arlo guztietan, zientziek aurrera egin ahala, lehenagoko sinesteak aldatu eta, berriagoen eraginez, baliogabe gelditzen dira. Halere, belaunaldi bakoitzak eskolan ikasirikoa luzaro gordetzeko joera izaten du, eta kosta egiten zaio antzinako azalpen zaharkituak gainetik astintzea.
Inertzia edo, nahiago bada, nagikeria horregatik normala izaten da, adibidez, gure eguzki-sisteman inguruan eraztuna duen planeta bakarra Saturno dela pentsatzea. Izan ere, Galileok, jada XVII. mendearen hasieran ezaugarri bitxi hori aurkitu zion. Baina, gutxiagok dakite, seguruenez, 1977tik hona Urano, Jupiter eta Neptunori ere antzeko eraztunak aurkitu zaizkiela, datu horiek gaurko entziklopedia guztietan, Google-n barne, aspaldian ageri diren arren.