Gasteizko Apaizgaitegiak, hau da, gaur egun Teologia Fakultatea izena hartu duenak, beti du oihartzun atsegin bat euskaldunentzat, han izan baitziren irakasle, besteak beste, Manuel Lekuona eta Jose Migel Barandiaran. Bada, ikastegi horretako Scriptorium victoriense aldizkarian artikulu bat argitaratu da euskaraz, lehen aldiz, oker ez banago. Albiste pozgarri hori baliatuz laburki iruzkinduko dugu argitalpen akademiko horren azken zenbakia.
Euskaltzaleentzat, dudarik gabe, aipatu artikuluak du interesik handiena, hots, Dionisio Amundarainek argitaratzen duen "Biblia Euskal Herriko historian" (185-263 or.). Ikuspegi kritiko batetik abiatuz, ederki laburbiltzen ditu Bibliak euskaraz izan dituen argitalpenak, ohar labur eta argigarriak eskainiz.