Otsailaren 3an, Eusko Jaurlaritzak, Topaguneak, AEK-k eta Aztiker enpresak Mintzapraktika egitasmoaren eraginkortasuna neurtzeko egindako ikerketaren emaitzak aurkeztu zituzten, Euskaltzaindiaren egoitzan. Mintzapraktika euskararen erabilera sustatzeko programa da, euskaraz hitz egiteko ohitura daukaten pertsonak, euskaraz hitz egiten hasi nahi duten pertsonekin elkartzen dituena. Gaur egun 4.000 lagun inguruk parte hartzen dute ekimenean.
Ekitaldian hauek mintzatu ziren: Iñaki Uribe HABEko zuzendari nagusia, Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendaria eta Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusia. Eurekin batera, Aztiker enpresako Iñaki Iurrebasok eta Urko Ikardok, eta Pello Jauregi irakasle eta adituak hartu zuten parte aurkezpenean.