Abenduaren 17an, Abadiñoko Kultura Etxean egindako ekitaldian, 2010eko Abadiño Sarietako bat eman zioten Jose Luis Lizundia euskaltzain eta Euskaltzaindiko diruzainari. Aurten lehenengo aldiz eman dira sari hauek, eta bost izan dira sarituak: Jose Luis Lizundiarekin batera, Andeka Gorrotxategi tenorra, Javier Elorriaga txirrindularia, Angel Alvarez "El Campurriano" eskultorea eta Abadiño sokatira taldea.
Sariak antolatzen dituen Abadiñoko Udalaren esanetan, guztiek "herriagazko inplikazio handia erakutsi dute, eta gazteentzako eredugarri diren balioak zabaldu dituzte".