Gaur, abenduaren 16an, AEK-k Korrika 17 aurkeztu du, Euskaltzaindiaren egoitzan. 2011ko apirilaren 7an Trebiñun hasi eta 17an Donostian amaituko den euskararen aldeko lasterketak Euskaltzaindia omenduko du, egiten duen lanagatik, eta AEKrekin lotura estua duelako: "Ezin ahaztu Helduen Euskalduntze Alfabetatzea oro har, eta Korrika antolatzen duen AEK bera, nondik datozen. Ezin ahaztu Euskaltzaindiaren babesean sortu zirela, eta Rikardo Arregik 1966an alfabetatze taldeak sortzeko eskatzen idatzi zuen gutunetik hona, horrenbeste izan direla helduen euskalduntzean nabarmendu diren euskaltzainak".
Korrika 17ren leloak euskararen erabilera aldarrikatu nahi du: Maitatu, ikasi, ari, euskalakari. "Euskara maite duena, ikasten eta erabiltzen duena, euskalakaria da", azaldu du Edurne Brouard arduradunak.