Gaur, abenduaren 1ean, Mintzola Fundazioak eta Euskaltzaindiak hiru urteko iraupena izango duen lankidetza hitzarmena sinatu dute Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian. Mintzola Fundazioaren izenean Maria Jesus Aranburu presidenteak sinatu du eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Hitzarmen horrek Mintzola Fundazioaren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlanean sakontzea du helburu, bereziki euskara, euskal kultura eta, oro har, ahozko-ondarearen egoera ikertu, irakatsi eta zabaltzeko. Josune Zabala Fundazioaren zuzendaria ere izan da sinatze ekitaldian.
Hauek dira hitzarmen horren ildo nagusiak:
-
Euskaltzaindiak eta Mintzola Fundazioak bi erakundeen arteko lankidetza eta ikertzaileen arteko hartu-emana sustatuko dute, ahozko euskararen eta kulturaren eremuan behar bateratzaileen harira jorratuko diren ikerketa, irakaskuntza eta zabalkunde egitasmoetan. Horren harira, curriculumaren ondorioetarako eta meritu gisa, Mintzola Fundazioak eta Euskaltzaindiak kontuan hartuko dute euren ikertzaileek erakunde bakoitzaren barruan egindako lana.
-
Erakunde biek erraztasunak emango dizkiote elkarri beren ikerketa-ondareak eta ezagutza erabiltzeko, eta, bereziki, euren artxibategi eta bibliotekak erabiltzeko aukera.
- Mintzola Fundazioak Euskaltzaindiaren arauak zabalduko ditu.
-
Bereziki, Euskaltzaindiak erantzuna emango die Mintzola Fundazioak egindako kontsultei, kontsultok euskal lexikoari, gramatikari, toponimiari, onomastikari, ortografiari eta, oro har, euskararen idatzizko zein ahozko araugintzaren bestelako gaiei buruzkoak direnean. Kontsulta horiek bideratzeko orduan, Jagonet zerbitzua erabiltzea sustatuko dute.
- Argitalpenen arloan, elkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira.
-
Erakunde biek elkarren esku jarriko dituzte ikerketarako interesgarriak izan daitezkeen lan argitaragabeak, hala nola tesiak, monografiak edo bestelako lanak.
-
Mintzola Fundazioa eta Euskaltzaindia elkarlanean arituko dira, euren bibliotekako euskal funtsak sendotzeko.
-
Lankidetza politika bultzatuko dute ikastaroak eta programak sortu eta egin daitezen, euskara, euskal kultura eta, oro har, ahozko-ondareari dagozkien eremuetan.
Helburu hauek lortzeko, Mintzola Fundazioak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dute, lau kide izango dituena, bi Fundazioak izendatuak eta beste biak Akademiak izendatuak.