Azaroaren 5ean, ostiralean, Erlea kultura aldizkariaren hirugarren zenbakia aurkeztuko da Donostian, Koldo Mitxelena Kulturunean, goizeko 11:00etan. Aldizkaria Euskaltzaindiak argitaratzen du eta Jose Irazu "Bernardo Atxaga" idazle eta euskaltzain osoa da zuzendaria. Pamiela argitaletxea arduratzen da edizioaz eta diseinuaz.
Mohamed Xukri idazle marokoarrak (1935-2003) leku berezia du zenbaki honetan: 2003an, Miel A. Elustondok egin zion elkarrizketa bat argitaratzen da, baita Joxemari Iturralderen artikulu bat ere, eta Ogi hutsa Xukriren nobelaren hasiera, arabieraz eta euskaraz.
Erleak ekartzen digun beste opari bereziak Joseba Sarrionandia izena du: Tuaregen poesiaren amaiera artikulua dago, idazleak udazkenean aterako duen liburuaren zatia.
Badira izen gehiago: besteren artean, Vicente Ameztoy (1946-2001) -bere objektuen bitartez- Karmelo Landa, Arantxa Urretabizkaia, Lourdes Oñederra, Xabier Montoia, Eider Rodriguez, Edorta Jimenez, Koldo Izagirre, Pello Otxoteko, Patxi Ezkiaga, Pedro Alberdi, Luzien Etxezarreta, Jabier Muguruza, Kepa Altonaga, Joseba Luzuriaga, Juan Luis Zabala, Felix Ibargutxi., Felipe Juaristi.. Azala Gonzalo Etxebarriarena da, eta ilustrazioak eta argazkiak Anne Rearick, Zaldi Ero, Ernesto Valverde eta Erramun Landak sinatzen dituzte.