Gaur, urriaren 13an, Mondragon Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak bion arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Euskaltzaindiaren egoitzan. Mondragon Unibertsitatearen izenean Iosu Zabala errektoreak sinatu du eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak egin du. Hitzarmen horrek Mondragon Unibertsitatearen eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlanean sakontzea du helburu. Izan ere, bai Urrutiak, bai eta Zabalak ere azpimarratu dutenez, "gure arteko harremanak ez dira hemen hasten, aspaldikoak baitira. Gaur, hitzarmen honen bitartez, formaldu egiten ditugu harreman horiek".
Hitzarmenaren lehen emaitza liburu bat izango da: Mondragon Unibertsitateko irakaslea den Arantza Ozaetaren doktorego tesia, Agirre Asteasukoaren eracusaldiak. Sermoia ikuspegi sozio-diskurtsiboaren argitan, aurten argitaratuko dena, Euskaltzaindiaren Iker bilduman. Ozaetak Luis Mari Larringan Aranzabalen zuzendaritzapean egin zuen bere tesia, EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailean. 2009ko otsailean irakurri zuen.
Hauek dira hitzarmen horren ildo nagusiak:
-
Erakunde biek erraztasunak emango dizkiote elkarri beren ikerketa-ondareak erabiltzeko. Mondragon Unibertsitatearentzat, Euskaltzaindia aholkulari ofiziala izango da euskara gaietan.
-
Erakunde biek lankidetza-proiektuak burutuko dituzte ikerketaren arloan, bai elkarrekin jorratuko dituzten ikerketa-ildoen bidez -adibidez urtero biltzarrak, jardunaldiak edo mintegiak antolatuz- eta bai bakoitzak bere ikerketa-programazio orokorrean lehentasunezko ikerketa-ildoak markatuz.
-
Euskaltzaindiak argitaratzen duen liburu bakoitzaren ale bat emango dio Mondragon Unibertsitateari, eta Unibertsitateak ere ale bat emango dio Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekari euskaraz, euskararen inguruan edo Euskal Herriari buruz liburu bat argitaratzen duen bakoitzean.
-
Erakunde biek elkarren esku jarriko dituzte ikerketarako interesgarriak izan daitezkeen lan argitaragabeak, hala nola tesiak edo bestelako ikerlanak.
-
Baterako argitalpen-politika bultzatuko da bi erakundeen artean euskarari buruzko ikerketen emaitzak argitaratzeko. Hain zuzen ere, aurten liburu hau argitaratuko dute elkarrekin: Agirre Asteasukoaren eracusaldiak. Sermoia ikuspegi sozio-diskurtsiboaren argitan, Mondragon Unibertsitatearen irakasle den Arantza Ozaetaren doktorego tesia.