Euskaltzaindiak 159. araua (Europako toponimia fisikoa) kaleratu berri du.
Arau honekin, Europako geografia fisikoari heldu dio Euskaltzaindiak. 450 leku-izenetik gora ageri dira Europako toponimia fisikoaren arauan: lehendik araututa eta zenbait arautan sakabanatuta zeuden guztiak eta orain arte arautu gabeko beste asko: ibaiak, kanalak, aintzirak, urtegiak, itsasoak, golkoak, penintsulak, lurmuturrak, mendikateak, mendiak eta uharteak.
Arau honi buruzko azalpen osagarriak eskaintzen dituzte Jose Luis Lizundia Exonomastika batzordeko buruak eta Alfontso Mujika batzordeko idazkariak.
Europako geografia politikoaren leku-izen nagusiak zenbait arautan eman ondoren, Europako geografia fisikoari heldu dio Euskaltzaindiak, eta 159. araua da emaitza. Hala, 2008an Europako eskualde historiko-politiko nagusiak (154. araua) eta 2009an Europako hiriak (157. araua) arautu ondoren, Europako leku-izen nagusiak (fisikoak eta politikoak) euskaraz nola izendatu eta idatzi behar diren aski zehazturik gelditu da. Adibidez, Alpeaurreak, Balkanak, Kantauriar mendikatea, Maggiore aintzira, San Bizente lurmuturra edo Elbrus mendia.
Guztira, 450 leku-izenetik gora ageri dira Europako toponimia fisikoaren arauan: lehendik araututa eta zenbait arautan sakabanatuta zeuden guztiak eta orain arte arautu gabeko beste asko: ibaiak, kanalak, aintzirak, urtegiak, itsasoak, golkoak, penintsulak, lurmuturrak, mendikateak, mendiak eta uharteak.
Kasu askotan, arauak ezartzen duen euskarazko grafia eta jatorrizko grafia bat datoz. Hala gertatzen da leku-izenak euskaraz tradiziorik ez duenean eta inguruko hizkuntza nagusi gehienetan leku-izenaren grafia aldatzen ez denean. Adibidez, Txekiako Morava ibaia, Norvegiako Barents itsasoa edo Danimarka eta Suedia arteko Skagerrak itsasartea. Egoera horretan daude leku-izen gehienak. Grafia-aldaketa ez izan arren, arauan bildu dira horrelako leku-izenak, baldin eta garrantzia badute (tamainagatik, historiagatik edo ezaugarri bereziren bat izateagatik).
Beste batzuetan, euskarazko grafia eta jatorrizko grafia bat datoz, baina gaztelaniaz edo frantsesez, berriz, ez. Hala gertatzen da leku-izenak euskaraz tradiziorik ez duenean eta inguruko hizkuntza gehienetan leku-izenaren grafia ez aldatu arren gaztelaniaz edo frantsesez grafia-aldaketa duenean. Horrelako leku-izenak ere arauan bildu dira, erabiltzaile euskaldunak zalantza egin dezakeelako horrelakoetan. Adibidez, Kattegat itsasartea berdin idazten da danieraz, norvegieraz, ingelesez, gaztelaniaz edo alemanez, baina Cattégat idazten da frantsesez. Alemaniako Main ibaia berdin idazten da alemanez, ingelesez eta frantsesez, baina Meno idazten da gaztelaniaz.
Beste askotan, euskarazko grafia eta jatorrizko grafia ez datoz bat, ezta gaztelaniazkoa eta frantsesezkoa ere. Hala gertatzen da, nahiz eta leku-izenak euskaraz tradizio handirik ez izan, leku-izenaren grafia hizkuntza bakoitzak (edo hizkuntza nagusi gehienek) egokitzen dutenean. Horrelakoetan, euskaraz ere grafia egokitzea izan da irizpide nagusia. Adibidez, Mare Tirreno da italieraz, Tyrrhenian Sea ingelesez, mar Tirreno gaztelaniaz eta mer Tyrrhénienne frantsesez. Edo Euskaraz, Tirreniar itsasoa. Hizkuntzaz hizkuntzako izen-aldaketa gertatzen da, halaber, izen deskribatzaile askorekin, hizkuntza bakoitzera itzuli egiten baita (osorik edo partez), maiz, jatorrizko leku-izenaren esanahia. Holakoetan, euskaraz ere itzuli egin ohi dira. Adibidez, Schwarzwald alemanez, Black Forest ingelesez, Forêt-Noire frantsesez edo Selva Negra gaztelaniaz. Edo Vierwaldstättersee alemanez, Lago dei Quattro Cantoni italieraz, lac des Quatre Cantons frantsesez, lago de los Cuatro Cantones gaztelaniaz. Euskaraz ere itzuli egiten dira: Oihan Beltza, Lau Kantonamenduetako aintzira.
Arauak 97 orrialde ditu, eta bi zatiz osatuta dago: lehen zatian azalpen orokorra ematen da, eta erabilitako irizpideak zehazten dira. Leku-izena izendatzeko moduaz, diakritikoen erabileraz eta izendapen bikoitzez diharduten argibide-oharrak ere ematen dira. Bigarren zatian zerrendak daude. Euskara-erdarak zerrenda nagusian euskarazko izenetik ordenatuta ematen dira leku-izen guztiak, eta, bakoitzaren euskarazko forma arautuaren ondoren, leku-izenaren jatorrizko grafia (dagokion hizkunt(et)an), gaztelaniazko forma, frantsesezko forma eta ingelesezko forma ematen dira. Zerrenda nagusi horren ondoren, erdara-euskara zerrenda osagarriak ematen dira: gaztelania-euskara, frantsesa-euskara eta ingelesa-euskara.
Arau honen ondorioz, aurreko arau batzuetan ageri diren leku-izen gutxi batzuetan egokitzapenak egin dira. Adibidez, 1996an arautu zen Lau Kantoien aintzira delakoa Lau Kantonamenduetako aintzira da hemendik aurrera, edo 1997an araututako Anglo-normandar uharteak delakoa Anglo-normandiar uharteak da orain. Egokitzapen horiek guztiak ere arauaren oharretan zehatz-mehatz adierazita daude.