Gaur, irailaren 17an, Euskaltzaindiak J.M. Hiribarrenen omenezko jardunaldia egngo du Azkainen. Akademiaren Literatura Ikerketa batzordeak antolatu du eta hizlariak honako hauek izango dira: Jean Haritschelhar, Xipri Arbelbide, Ana Toledo eta Xabier Altzibar.
Jean Martin Hiribarren Azkainen (Lapurdi) jaio zen, 1810eko maiatzaren 8an. Urruña eta Bardozeko erretore izan zen, baita Baionako katedraleko kalonje ere. Bere obrarik ezagunena Eskaldunac olerki bilduma da, Baionan argitaratu izan zena 1853ko abenduan. Montebideoco berriac (1853) eta Eskaraz eguia (1858), ere idatzi zituen. Baionan hil zen, 1866ko azaroaren 26an.
Eskaldunac. Iberia, Kantabria, Eskal Herriac, Eskal Herri bakhotcha eta hari darraicona obrak -esan bezala, bere lanik ezagunena- 5.000 bertso ditu eta Euskal Herria goraipatzen du. Garai bateko ohiturak, geografia, historia edo jarduerak jasotzen ditu.
Eskaldunaclanari buruz, Santi Onaindia zenak honela zioen: "Lan zail azkarria da, mamiz ta azalez maisuki egiña. Poema au txit jakingarri dugunik ezin uka. Geure euskal gogoa damakigu, eder ta soil, bertso ugari bipilletan. Badu ezagutza, jakite ta sena; badu erreztasuna ere gauzak txairo adierazteko. Izate zokoan galgal zebilkion dudarik gabe gaia, ta igartzeke zerion luma puntatik barre-arima dirdaikor aratza. Iñoiz egotzi izan zaio, akats bezela, goxotasunik eza bertsoak ontzean, eta erabat lar zuhurra dela barne-arnasari ataka irikitzerakoan. Ba liteke; baiña jakin zazute au ere: gure koplariak lotsor xamarrak izan zitzaizkigun, beti ere, lirika gaiñezkaldiak erakusten".
Patxi Salaberri Muñoak, Iraupena eta lekukotasuna lanean, hauxe dio: "Bertso erraz, zorrotz eta, maiz asko, satiriko samarrekoa, bost bat mila lerroko poema epiko-didaktikoa da, bere herriaren historiaz euskaldunak zuen ezagutza falta asetu ahal zezan eta asetze hori bere mintzairan (euskaraz) idatzitako liburuen bidez egiten has zedin. "Eskaldun bertuteak nihon aipatuak" erakusteko eta ondorengoentzat lekuko gisa uzteko helburuarekin idazten eta kantatzen du, bada, Hiribarrenek "herria, lana, bertutea".
Euskal literaturaren antologia lanean, Xabier Mendigurenek eta Koldo Izagirrek: "Kalitatea baino asmoaren handia aipagarriago izan arren, baditu zati arin eta gustagarriak".
Montebideoco berriac obra hamaika bertsoz osatua da, eta euskaldunen emigrazioaz mintzatzen da Hiribarren. Honela deskribatzen du Joxemiel Bidador zenak: "Hamaika bertsoz osaturiko lana dugu euskaldunen emigrazioaren gainean: Eskaldunac airean, enganatzaileac, Euskal herritan indiac, Itsasoco lehen, bigarren eta hiorugarren bestac, Montebideo, Eskalduna Montebideon soldadu, Eskaldun negocioa Montebideon, Montebideco nescatchac, eta Eskaldunac Montebideon pagano. Hamaika olerkietan barrena jarraiki bertso hilara berebera dugu: 7-6a, 7-6a, 7-6b, 7-6b. Liburuaren lehendabiziko bertsoa honela hasten da: "Zoratu ahal dira euskaldun gazteac / Utziz bere herritan buraso maiteac / Itsasoz urruntzeco diru nahiz bildu / Eskaldun izateac oraitic eguin du. Lau mila urthe badu eskal herrietan / populu bera cela bici lorietan / Europaco premu cen, ez diteke duda Haren herri esteca cer bilhacatu da?".
Eskaraz eguia lanean, aldiz, erlijio-gaiaz hitz egiten du. Bidadorren hitzetan, "idazki honek, aurrekoak ez bezala, badu bere Non-bilha, oretzen diren gai funts sakonak kausigarri. Liburu osoa trinitate sainduaz eta misterioez aritzeko egina da, eta hortik ere badatorkio hiru zatitan banandurik egon izana, lehenbizikoa Yinkoari, bigarrena Yesu-Christori eta hirurgarrena Izpiritu saindiari egokituak oroz bat. Hiribarrenek argi azaldu zuen atarikoan zuen asmoa: "Mintzo naiz trinitate sainduaz ez arguitu nahiz misterioa; bainan adirazteco eguia horrec ezduela deus adimendua asaldarazi behar duenic. (...) Ez liteke beraz espantagarri behar izatea sinhestean gauza ezin entelegatuac".
Argitaratu gabe utzi zituen beste lanak, horien artean frantsesezko testu batzuk, bai eta euskara-frantsesa hiztegi bat ere.