Iruzkindu nahi dugun liburua duela berrogei urte baino gehiago argitaratua zen, Estatu Batuetan, eta 1979an frantsesera itzuli bazen ere, badut errezeloa gaur egun ez dela oso ezaguna gure artean. Neuk ere ez nuen haren arrastorik harik eta, berriki, John Elliott historialari ingelesak gomendatua ikusi nuen arte. Euskal Herrian bertan gutxienez lau biblioteka publikotan aurkitu daitekeen arren (Azkue Biblioteka, Deustuko Unibertsitatekoa, Nafarroako Unibertsitatekoa eta Baionako Udal Liburutegia), ez da, dena dela, eskuratzeko erraza. Hala ere, hura atzeman eta irakurtzeko lana hartzen duenak nekez esan ahal izango du denbora alferrik galtzen ibili denik, liburu zinez ederra baita alderdi guztietatik, ondoren erakusten saiatuko garen bezala.