Gipuzkoarrak izanez gain, Chillida donostiarra eta Peña oñatiarra, artista haien obrak toki askotatik barreiatu ziren eta leku horien artean Gasteiz ere izan zuten gune bikote gisa hirigintzan adosten zituzten eraikuntzak burutzeko.
Gasteizen asmatu eta egin zuten obra hura handia izan zen benetan. Foru Plaza aldatu zuten erabat, baina plaza esan genezakeen gune propioa, plazaren triangelua mugatzen duten etxeak ukitu gabe gelditu ziren noski, behin lehen zen merkatua bota ondoren, eta hiru alde horietan badago perspektiba mugatzen duen itxura diferenteetako pareta geza. Gezakeria hori sumatu zuten nonbait gure artistek eta arbolen bitartez gazitu nahi zuten era batez, plazaren bi ertz irregularrenetan behintzat.
1976an obraren proiektua aurkeztu zutenean, Foruei eta gure herri osoari harrizko omenaldi iraunkorra egin nahi zietela esan zuten gure artistek. Chillida eta Peña Gantxegi, ahal zen neurrian, Naturarekin bizi nahi zuten eta Natura horretatik ateratako harrizko materialak zein Naturan hazten ziren landare bizidunak ezkontza harmonikoan eratzen nahi zituzten. Porriñoko granito arrosa, Gernikako arbolaren sinboloa zein Gasteizko ibilbide batzuetan gorantz begiratzen zuten platanoak ezkondu nahi zituzten eskuarki.
Ezkontzetan badakigu izaki diferenteak batzen direla eta behin baino gehiagotan lortutako batasuna ederra gertatzen dela. Porriñoko granito arrosa ikusgarria da benetan eta atsegina da bera bakarrik dagoenean eta konposizio askotan ere bai. Gernikako arbola zer esanik ez; mundu osoan bere frutua eman eta zabaltzeko prest izan da beti eta kasu honetan, Arabako hiriburu erdian egoteko pozikan poz izango zen gure zuhaitza. Platanoetaz zer esango dugu ba? Sorreraz hemengoak izan ez arren, Platonen garaietatik hona platanoen gerizapean ibiltzeko usadioa gorputz eta adimenarentzat onuragarri izan zaigu aspaldi. Gaur gure inguruan eta hiru toki aipatzearren hor ditugu adibide edertzat Baionako harresi ondoetako platanoak, Bilboko Albia Jardinetakoak eta Gasteizko Zenda edo Zidorrekoak; arbola sendo eta itzal ederrekoak platanook.
Artean eta hirigintzan trebeak ziren Chillida eta Peña Gantxegi. Artista handien obra batzuk berehala lortzen dute arrakasta. Horra hor Haize Orraziarena Donostian. Galdutzat jotzen zen paseoaren ertz hura bizi berri erakargarrian bihurtu zen gure bi artisten obra eder horren bitartez. Itsasoko olatuen magia hor zen lehendik ere, baina orrazi horren zolitasuna bat-batekoan gehitu zitzaion kresalaren lilurari.
Gasteizko Foru Plaza lehorragoa da berez eta klima horren garaiari adostu behar zaio obraren onarpenaren tempoa. Bitarte luze honetan harrizko obrarekin batera landatu ziren platanoak goratzen ari dira eta haiekin batera obra osoaren onartze orokorra.
Hogei eta hamar urte luze ondoren Gasteizko Udalak, aho batez, 2010eko hiriko urre domina Eduardo Chillida Juantegi eskultoreari eta Luis Pedro Peña Gantxegi arkitektoari eman die. Ematearen ekitaldian gure artisten familiakoak izan ziren eta Patxi Lazkoz Baigorri alkatearen eskutik hartu zuten urre dominak. Errekonozimendua eskertu zuten eta arrakasta osoa lortzea opa zioten haien aiten obra handiari. Hor geunden guztiek nahi berbera sentitu genuen.
Gasteizen, 2010eko abuztuan
Manuel M. Ruiz Urrestarazu