Uztailaren 12an, Hiztegi Batua (2. itzulia) batzorde ahaldunduak bilera egin zuen. Batzorde hau 2009an sortu zen, eta bere xedea hauxe da: Euskaltzaindiaren osoko bilkuraren ahalez eta eskuz, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua eztabaidatzeko prozedura arintzea, egitasmoaren epeak laburtuz eta egitasmo horri bukatze-data eskuragarriagoa emanez.
Batzorde honek Hiztegi Batuaren 2. itzuliko zerrendak aztertu ondoren, euskaltzainek ohar idatziak egin dizkieten hitzak aztertzen ditu, eta dagokion erabakia hartzen du.
Batzorde honen burua Andoni Sagarna Iker sailburua da, eta Xabier Kintana da idazkaria. Miren Azkarate, Pello Salaburu eta Patxi Uribarren euskaltzainak eta Jose Antonio Aduriz Hiztegi Batuko lantaldearen arduraduna dira batzordearen kideak. Bilerak bideokonferentziaz egiten dituzte, Bilbotik eta Donostiatik. Hilean bi bilera egiten ditu batzorde honek, eta saio bakoitza bi ordu eta erdikoa da.