On Jose Migelek zituen titulu askoren artean Euskaltzaindikoa izatea ere bazuen. 62 urte luze izan genuen euskaltzain (On Jose Migelen ekintzak beti iristen ziren luze). 1928an euskaltzain urgazle izendatua izan zen, Euskaltzaindia oraindik hasi berria zenean (9 urte ziren 1919an sortu zenetik) eta euskaltzain oso azkenean 1965ean. Euskaltzaindian izan zuen aulkia 23a izan zen, gaur Miren Azkaratek duena.
Euskaltzaindiarentzat On Jose Migel Barandiaran Aierbe euskaltzain izatea ohoragarri eta aberasgarria izan zen. Akademiak akademikoek egiten dituzte eta gizon eta emakume handiek osatzen dituzten Erakundeak haien handitasunez handitzen dira.
Ataun, hemen Euskal Herriko bihotzean, Aralar ondoan, ategune, atarigune, kokaleku eta igaroleku, aurkileku, sorleku gertatu zitzaion aldiz aldi gure maisuari.
Ataungo honako ibar luze honetan, hemendik gertu, Perunezarren jaio zitzaigun orain ehun eta hogei urte gure On Jose Migel, Joxemiel izen goxoarekin generitzan Barandiaran Aierbe jaun jakitun handia.
Hemen sortu, 1889. urteko azken egunean, hemen hazten hasi eskolan eta etxeko eta lur lanetan, hamalau urterekin apaiz izateko erabakia hartu eta Baliarrainen latin eta beste ikaskuntzetan bi urte eman ondoren, Gasteizko Seminarioan sartu zen eta 8 urtetan (azken urte-erdia Burgosen) apaiz ikasketak burutu eta 1914an apaiztu zen gure euskaltzaina izango zena. Ordenatu ondoren, 23 urte, gerra etorri arte, Gasteizko Apaizgaitegian irakasle izango da, hiru lurraldeen garai hartako Elizbarrutiak egoitza Gasteizen zuen-eta. Gizakiekiko zientziak maite zituen gure maisua izango zenak, "Deus scientiarum Dominus" (Jaungoikoa zientzien Jauna) Pio XI.aren lemapean lan egin nahi zuen eta Gasteizen irakasle izan zen azken urteetan "Erlijioen zientzia konparatua", "Giza paleontologia" eta "Fisika teorikoa" irakatsi zituen.
Barandiaranen jakin-mina ez zen erraz asetzen eta Antropologia, Etnologia, Arkeologia, Paleontologia, Folklorea, hitz gutxitan esateko gizakiaren ibilera orokorra ezagutzea, Historiaurrean zein Historian, guztiz gustuko zuen. Horregatik eta irakasle urte oparo haietan Paris, Brusela, Leipzig eta Vienako Unibertsitateetan kurtsoak hartu zituen; horrez gain, Anberes, Kolonia, Berlin, Munich, Geneva, Berna, Zürich, Innsbruck, Budapest eta Pragako museoetan ere ikasketak egin zituen. Gero erbeste garaian, Frantzian, Belgikan, Danimarkan, Hungarian eta Ingalaterran ibiliko zen kongresu, kurtso eta bileretan parte hartuz. Izan zen toki gehienetan gainera eta ahal izan zuen neurrian, estudio teorikoen ondorioz, gizakiak utzitako aztarnen bila ikertzen ari zen nekaezineko lan iraunkorrean.
Eta hemen hasieran eta gero Europako beste toki askotan egiten zituen ikaspen eta ikerketatik ateratzen zuen lehenengo ondorioa hauxe zen: tokian tokiko izan beharko zuela eta gizakiaren bilakaera bere hurbileko inguruan ikusi eta ikasi. Berak maiz esaten zuen bezala, mendetan zeharreko euskal gizonaren ibilera ikasgai izan zuen hemen sortu eta bizi zelako; hori izan zen bere bertute eta bekatua (kakotx artean bekatuarena). Eta, era berean, behin baino gehiagotan esaten zigun: Euskal Herria maite zuela bere herria zelako eta euskaldunen mundua gero eta sakonago ezagutu, gero eta maiteago izaten zuela. Gizon on, argi, landu eta jakintsu baten guraria izan zen On Jose Migelena eta etengabeko lanaren bidez aurrera eramaten jakin zuena.
Gasteiztik nator eta Joxemiel Barandiaran apaiz, zientzialari eta euskaltzain zindoak han lan egin zituen gerra aurreko urte haietan lehen Gasteizen zegoen maila kulturala eskuarki jaso zuen. Zoritxarrez eta urte askotan, gerra zibila eta horren ondorioak izan zirela medio, bera gabe gelditu zen hango apaizgaitegia eta harekin batera Gasteiz inguruko giza eta jakintza giroa nabari makaldu zen. Sara urte dexentetan eta bere bizitzaren azken hamarkadetan Ataun eta Iruñea beraren gizatasun eta jakinduriaz aberastuko ziren gero. Egia esan, denok aberastu ginen bera bizi izan zen bitartean, bera bezalako pertsona zintzo eta jakintsuek ez dute mugarik izaten eta beraien ondasun orokorra toki guztietara zabaltzen da.
Aztarnen bila etengabe aritu gure jakintsua eta pasatu zen leku guztietatik bere aztarna joriak utzi zituen gizon handi hark, On Jose Migelek, bai beraren lanetan eta baita berak formatu zituen ondorengo ikertzaile argi eta ikasiengan ere.
Zorionez, On Jose Migel bezalako jakintsuek uzten duten ondarea tinko eta irmo bizi ohi da jarraitzen duen gizarte osoan. Joxemiel, maisu handi, euskaltzain oso, bizi zaitez luzaro gugan, guztiongan!