Atzo, uztailaren 1ean, Patxi López Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Euskaltzaindiaren ordezkariak hartu zituen Gasteizen, Lehendakaritzaren egoitzan. Bileran hauek izan ziren: Eusko Jaurlaritzaren izenean, Patxi López eta Blanca Urgell Kultura sailburua, eta Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburua, Xabier Kintana idazkaria, Jose Luis Lizundia diruzaina, Andoni Sagarna Iker sailburua, Andres Iñigo Jagon sailburua, eta Joseba Zabaleta kudeatzailea.
Patxi López lehendakaria denetik, hau izan da Euskaltzaindiarekin batzen den lehenengo aldia. Euskaltzaindiaren ohitura da kargua hartu duten herri agintari guztiekin batzartzea, eta hala egin zuen atzo lehendakariarekin. Bileran bi erakundeen arteko elkarlana sendotzeko asmoa azaldu zen.