Ekainaren 25ean, Euskaltzaindiak Bilbon egin zuen hileko batzarrean, Elhuyar Fundazioaren ordezkariak izan ziren, Akademiak gonbidatuta. Fundazioaren izenean, Itziar Nogueras zuzendaria eta Josu Aztiria Hizkuntza zerbitzuetako arduraduna joan ziren osoko batzarrera eta Elhuyarrek esku artean dituen proiektu eta lanen berri eman zieten euskaltzainei.
Zehazki, Elhuyar Fundazioaren azken gogoeta estrategikoa aurkeztu zieten euskaltzainei. Gogoeta horrek zazpi ildo nagusi ditu: publiko orokorrari zientzia helaraztea; haur eta gazteei zientzia helaraztea; publiko espezializatuari zientzia helaraztea; kultura zientifikoaren Elhuyar Laborategia; hizkuntza-kudeaketan, itzulpenak eta zuzenketak; hiztegiak eta corpusak; eta hizkuntza-teknologien i+g. Euskaltzainek egindako galderak ere erantzun zituzten Noguerasek eta Aztiriak.