Horretaz gain, kanpainak iraun duen epean -urtarriletik maiatzaren 15era bitartean- Akademiaren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkaritzetan ere bildu dira sinadurak. Bide horretaz gainera, Euskaltzaindiak bere harpidedunen artean banatu zituen sinadura orriak zuzenean Valentziara igortzeko eskutitz azalekin batera. Prozedura hau ere erabili dute kanpaina hau Euskaltzaindiarekin batera babestu duten Kontseiluak eta Eusko Ikaskuntzak. Bide honetatik 40.602 sinadura jaso dituzte Valentzian eta horiek beste erkidegoetan bildutako sinadurei batuko zaizkie. Beharrezkoa da 500.000ko kopurua gainditzea.
Jakina denez, "Mugarik gabeko telebista" kanpaina Herrialde Valentziarrean sortu zen, eta bere xede nagusia da hizkuntza bera duten erkidegoetan irrati-telebista emisioak jaso ahal izateko eskubidea legez bermatzea eta, horren ondorioz, Nafarroan Euskal Telebista ikusten jarraitzea. Horretarako, Madrilgo Hauteskunde Junta Zentralean herri ekimen legegilea proposatuko da. Bildutako sinadura guztiak ekainaren 24an entregatuko dira.