Azken mendean Larrea euskararen mugan izan ondoren, Arabako Barrundia osoa bezala, aspaldiko herritarren ildoari jarraituz, euskararen alde eguneroko bizitzan jokatu nahi dutela ziurtatzeko Larreko biztanleek konpromiso agiri bat azken egun hauetan izenpetu zuten eta erabaki hori indartzeko aburuz ekitaldi ageri eta erakargarria antolatu zuten Larrean maiatzaren 8an.
Orain bost urte, 2005eko maiatzaren 28an, Euskaltzaindiak Joan Perez Lazarragakoren omenez oroitzapen-harri bat jarri zuen Larreko eliz-atarian. Toki hori iluna zela-eta, Larreko kontzejuak Euskaltzaindiaren baimenarekin estela tokiz aldatzea erabaki zuen. Oroitarria aldatzeko abagunea baliatuz, eguneroko bizitzan euskararen erabilera indartzeko larreatarrek konpromiso agiri bat etxez etxe izenpetu dute eta agiri hori ezagutaraztea eta gordetzea nahi izan dute ekitaldi deigarri baten bitartez.
Ekitaldia maiatzaren 8an egin zen. Eguerdian hasi zen ekitaldia Larreko elizan; hor Pruden Gartzia Isasti euskaltzain urgazleak Joan Perez Lazarragakoren nortasunaz, haren garaiko giroaz eta idazle honen lan historiko eta poetikoez hitz egin zuen euskaraz eta erdaraz, sermoilari onek bezala, mamia eta forma eskuarki ezkonduz eta hitzaldia labur gertaraziz. Gero Larreko Jose Lezea albokari eta klarinetista, Makario soinularia eta Gasteiztik joandako musikari multzo bat lau obra jotzen aritu ziren, kontzertuz jendea gozaraziaz, gaurko egunetan musikaz mutu edo trakets izaten den eliz-giroa berriro bizkortuz.
Azkenean, Larreko bidegurutze ikusgarri batean, Lazarragaren oroitarria Benigno Arcauz Errasti Larreko kontzejuburuak eta Arabako Kultura diputatua den Lorena Lopez de Lacallek oroitarria agerian utzi zuten eta Arcauz jaunak eta Larreko lau umek larreatarrek izenpetutako euskerarekiko konpromisoa irakurri zuten, eta aluminiozko zilindro baten barruan agiria bildu eta estelaren ondoan lurperatu zuten biharko eguneko testigantzaz.
Ekitaldi horretan, larreatarren eta beste arabarren ondoan, Barrundiko alkatea den Uriarte jauna izan zen eta harekin batera Blanca Urgell Lázaro Kultura sailburua. Euskaltzaindiaren izenean Joseba Lakarra Andrinua euskaltzaina eta Pruden Gartzia Isasti eta Manu Ruiz Urrestarazu urgazleak izan ziren.