Euskaltzaindiak Gorka Aulestia ohorezko euskaltzainaren Estigmatizados por la guerra liburua euskarri digitalean eskaintzen du, gaurtik aurrera, Iker/Jagon-tegiak atalaren barruan. Argitalpen digitala Bildumak sailean kontsulta daiteke, Euskaltzainak bilduman.
Estigmatizados por la guerra liburua "Euskaltzainak" bildumaren zortzigarren zenbakia da. Espainiako Gerra Zibilaren eta 40 urteko diktaduraren ondorioz, fusilatuak, gartzelaratuak edota erbesteratuak izan ziren zenbait euskaldunen memoria berreskuratu nahi izan du Gorka Aulestia egileak, horretarako euskaldun askoren -ia gehienak idazleak- testigantza eman duelarik. Aro historiko desberdinak jorratu ditu Aulestiak, hala nola II. Gerra Karlista, Primo de Riveraren diktadura eta Gerra Zibila eta Francoren diktadura. Orotara, 43 pertsonen zertzelada biografikoak sartu ditu liburuan. "Denek -dio Aulestiak- lan egin zuten euskararen alde".