Euskaltzaindiak Domingo Agirre. Gutun bilduma liburua euskarri digitalean eskaintzen du, gaurtik aurrera, Iker/Jagon-tegiak atalaren barruan. Lan hau Sebastian Gartzia Trujillok paratua da eta Euskaltzaindiaren eta Labayru Ikastegiaren arteko lankidetzaren emaitza da. Argitalpen digitala Bildumak sailean kontsulta daiteke, Euskaltzainak bilduman.
Domingo Agirre. Gutun bilduma liburuan, euskaltzaina izan zen Txomin Agirreren gutunak eskaintzen dizkigu Gartzia Trujillok. Agirreren 103 gutunek osatzen dute liburua. Paratzailearen hitzetan, "gutun hauek garrantzi handikoak direla uste dut. Gutun hauetan aukera dugu Domingo Agirreren lagunenganako afektibitatea ezagutzeko, haren idazkien argitalpenei buruzko arazoak, politikarekiko hartu-emanak: filiak eta fobiak, haren une euforikoak eta depresiboak, bai eta idazleen arteko txutxu-mutxuak ere".