Pedro Irizar 2004an hil zen eta euskarari buruzko ikerlan ugari argitara eman zuen bere bizitzan. Euskal aditza eta euskalkiak dira gehien jorratu zituen gaiak. Beti ere Louis-Lucien Bonaparteri jarraituz, euskalki guztietako aditz laguntzailearen morfologia oso-osorik aztertu zuen eta liburu zehatzak osatu zituen, mapa ugariz hornituak. Liburu horiek guztiak digitalizatu eta interneten jarri ditu Euskaltzaindiak.
Kontsultak egiteko, eta liburukien aurkibidean dagoen sailkapenari jarraituta, PDF solteetan jaitsi daitezke aditz-taula, mapa eta testu osagarriak. Bi mailako aurkibidea osatu da: lehen maila euskalkia da (9) eta bigarren maila aldaera/azpieuskalkiak (73) eta bestelako atalak (aitzinsolasak, etab.).
Obra guztia fitxategi bakarrean jaisteko aukera ere badago, eta behin jaitsiz gero, aurrez prestatutako indizea erabilita testu libreko bilaketak egin daitezke bertan.
Pedro Irizar da euskal aditz laguntzailearen morfologiaren bilketa sistematikoa egin duen bakarra eta kontsultarako erreferentzia bihurtu da bere lana. Morfología del verbo auxiliar vasco liburu sorta honetan, Irizarrek Koldo Artola ohorezko euskaltzaina izen zuen laguntzaile.
Hauek dira Morfología del verbo auxiliar vasco bilduma osatzen duten hamabost lanak, interneten kontsulta daitezkeenak:
- Morfología del verbo auxiliar guipuzcoano (Estudio dialectológico). Bi liburu. 1991
- Morfología del verbo auxiliar vizcaíno (Estudio dialectológico). Bi liburu. 1992
- Morfología del verbo auxiliar alto-navarro septentrional (Estudio dialectológico). Bi liburu. 1992
- Morfología del verbo auxiliar alto-navarro meriodional (Estudio dialectológico). 1992
- Morfología del verbo auxiliar roncalés (Estudio dialectológico). 1992
- Morfología del verbo auxiliar labortano (Estudio dialectológico). 1997
- Morfología del verbo auxiliar bajo-navarro occidental (Estudio dialectológico). 1999
- Morfología del verbo auxiliar bajo-navarro oriental (Estudio dialectológico). Hiru liburu. 1999-2002
- Morfología del verbo auxiliar suletino (Estudio dialectológico). 2002
- Morfología del verbo auxiliar vasco: Compendio / Índice / Index. 2008
Pedro Irizar
Pedro Irizar 1910eko abuztuaren 11n jaio zen, Azkoitian, eta Madrilen hil, 2004ko urtarrilaren 10ean, 93 urte zituela. Ohorezko euskaltzaina zen.
Irizarek bi ingeniaritza ikasketa burutu zituen, Industrian eta Geografian, eta bietan doktore maila zuen. Bestetik, Madrileko Unibertsitate Zentralean Ekonomian ere lizentziatu zen.
Espainiako Ogasun Ministerioa, Ingeniaritza Industrial eremuan lan egin zuen hainbat urtez, bai eta Estatuko Zerga eta Finantza esparruetako inspektoretzan ere, Espainiako Bankuko Bileteen/Tinbreen zentroan. Bestalde, Madrileko Unibertsitateko Ingeniari Industrialeko Goi Mailako Eskolan Ekonomia irakasle izan zen.
Artikuluak argitaratu zituen ondoko aldizkarietan: Ciencia Aplicada eta Racionalización. Biak dira Juan de la Cierva Patronatukoak eta bietan erredaktore lanak burutu zituen. Euskaltzaindiko agerkari ofiziala den Euskera-n, Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko aldizkarian, Julio de Urkixo Euskal Filologia Mintegiaren Urtekarian (ASJU-Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo), Deba-n, ELE-n eta Hispanica Posnaniensia-n ere bere ikerketak argitaratu zituen Irizarrek.
Euskaltzaindiak 1947ko martxoaren 28an izendatu zuen euskaltzain urgazle eta ohorezko euskaltzain, berriz, 1987ko uztailaren 24an.