Atzo, martxoaren 17an, Erlea aldizkariaren bigarren zenbakia aurkeztu zen Bilbon, goizean -Euskaltzaindiaren egoitzan- eta arratsaldean -Kafe Antzokian-. Goizeko aurkezpena prentsaren aurrean egin bazen, arratsaldekoa lagunartekoa izan zen, jai-giroan murgildu zelarik. Bigarren zenbaki honen gai nagusia Irlanda izanik, atzokoa oso egun berezia izan zen, Saint Patrick, eta Erlea-k ondo ospatu zuen Kafe Antzokian egindako ekitaldian.
Bernando Atxaga zuzendariaren aburuz, "Irlandaren inguruan eskaintzen ditugun testuak onak dira, baina ez bakarrik onak, bakanak direla esango nuke nik. Agian ez hemengo, ezta kanpoko aldizkari batek ere, ez luke berdinduko hemen dagoen monografia hori. Guk hori eskaintzen dugu, guk irakurleari Irlanda erakusten diegu, hango poeten bitartez, hemengo kantarien bidez, baita marrazki eta argazkiekin... eta irakurleak sentitu behar du hizkuntzak hori ere eman diola, poesia eta edertasuna eman dizkiola."
Horren isla izan zen atzo Kafe Antzokian egin zen festa. Bertan, Bernardo Atxagaren eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzak ez ezik, bertan izan zirenek poemak, kantak, irudiak... ikusi eta entzuteko aukera izan zuten. Besteak beste, Joxemari Iturraldek poema irlandar bat irakurri zuen; Jose Angel Irigaraik Erlean argitaratu den bere artikuluaren inguruan -"Dublin 1932, balizko elkartasunaren argazkia"- azalpen batzuk eman zituen; Josu Zabala musikariak esku-soinuarekin melodia irlandar bat jo zuen, Txomin Artolaren laguntzarekin eta Kepa Altonaga "Gordeta zeuden testuak" atalan jasotako testuetaz mintzatu zen.
Gainera, beran zegoen gazte irlandar batek IX. mendeko "Lon Dubh Loch Lao" ("Xoxoa") poema irakurri zuen gaelikoz eta euskaraz.
Aldizkaria eskuratzeko sakatu hemen.