Erlea-ren bigarren zenbaki honetako gai nagusia Irlanda da. Hori dela eta, aurkezpena gaur egin da, martxoaren 17an, Saint Patrick egunean alegia, Irlandako festa nazionalean. Zenbaki honen azala Zumetarena da.
Zenbaki honek bidaia bat proposatzen du, Andres Urrutiaren esanetan: "Euskal Herritik Irlandara, baina baita Irlandatik Euskal Herrira ere".
Pozik agertu da Bernardo Atxaga. Batetik, Irlandari buruzko atala ikusita, oso interesgarria delakoan dago -besteak beste, Seamus Heaneyren testu batzuk ageri dira, Paddy Woodworthenak, baita Patxi Ezkiagaren itzulpenak edota Txomin Artola eta Jose Angel Irigarairen testuak ere-, eta bestetik, aldizkariaren atalak finkatzen ari direlako, jende askoren konplizitatearekin gainera. "Jendea -esan du Atxagak- laguntzen ari da, eta nik idazle guztiekin hitz egingo dut, denei idatziko diet, ahots desberdinak interesatzen zaizkidalako niri. Ahotsak nahi ditut, ez dut nahi korurik".
Aipatutakoekin batera, Koldo Izagirrek, Aurelia Arkotxak, Xabier Montoiak, Joxean Agirrek, Felix Ibargutxik, Víctor Monterok edota Harkaitz Kanok parte hartzen dute zenbaki honetan. Juanjo Zearreta Euskaltzaindiko kudeatzailearen eta Joxemiel Bidador idazlearen omenezko artikulu bi daude Erlea-n, baita Zaldieroaren komikia eta Jose Luis Zumetaren lana -aldizkariaren azala eta Marino Lejarretaren erretratua- ere.
Goizeko aurkezpenaz gain, Erlea iluntzeko 19:30ean aurkeztuko da gaur, Bilboko Kafe Antzokian. Bertan, hitzaldi bat egongo da, baita errezital laburrak, bideo-emanaldi bat eta kantak ere, Irlanda eta Euskal Herriaren inguruan. Bernardo Atxaga eta Andres Urrutia euskaltzainburua bertan izango dira, eta, besteak beste, hauek ere parte hartuko dute: Txomin Artolak, Josu Zabalak, Jose Angel Irigaraik, M. A. Elustondok eta Kepa Altonagak.