Amaitu da Korrika 17. Atzo, apirilaren 17an, Donostiako helmugara heldu zen, bertan milaka euskalakari zain zituela. Hilaren 7an Trebiñun hasi zenetik, 2.507 kilometro egin ditu euskararen aldeko lasterketak, Euskal Herri osoan zehar. Ostiralean, Bilbotik igaro zen eta, beste askoren artean, Euskaltzaindiak hartu zuen lekukoa, 1.983. kilometroan. Erakundearen izenean, Jose Luis Lizundiak eraman zuen, Unamuno plazatik San Nikolaseraino. Lekukoa Athletic taldearen eskutik jaso zuen eta Bilboko euskalgintzari eman zion.