"BBK-Euskaltzaindia Literatura Ataria"-k hiru atal ditu:
1. Azken berriak
2. Literatura Terminoen Hiztegiaren bertsio digitala
3. Sariak
Gaur sariei dagokien atala aurkeztu da. Hiru azpi-atal ditu horrek:
A . BBK-Euskaltzaindia literatura sariak
Sariketa hauek abian jarri zirenetik mende erdia joan da. Denbora horretan, eboluzio interesgarria bizi izan dute Bilbao Bizkaia Kutxak eta Euskaltzaindiak elkarlanean bideratu dituzten modalitate desberdinetako lau literatura sari ezagunek:
- Txomin Agirre eleberri sariak
- Felipe Arrese Beitia olerki sariak
- Toribio Altzaga antzerki sariak
- Mikel Zarate saio sariak
Hasierako garaian eleberrigileak eta antzerkigileak bakarrik saritzen baziren ere, 1979tik aurrera olerkigileen eta saiogileen izenak ere hasi ziren azaltzen eta zabaltzen. Saritutakoen artean badira euskal literaturaren historian itzal luzea duten idazleak, hala nola Txillardegi, Txomin Peillen, Joxe Manuel Odriozola, Patxi Ezkiaga edota Xabier Mendiguren Elizegi. Lan saritu guzti hauen zerrenda eta deskribapena eskaintzen da. Hastapenetako zenbait lanen kasuan, bertsio digitala ere bai.
B . Azkue sariketak (1975-1990)
Resurreccion Maria Azkue saria, berez, 1986an sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalitateekin, eta 1990a arte iraun zuen. Urte haietan ez zen gaztetxoentzako saria, helduentzakoa baizik. Urte horietan oso ezagunak ditugun hainbat idazle eta ikerlarik jaso zuten saria. Atal honetan saritu ziren lanak zerrendatzen dira, oinarrizko datu batzuk emanez.
C . Azkue sariketak 1991-2008 (Haur eta Gazteak)
Atal honetan sarituak izan diren haur eta gazteen idazlan guztiak zerrendatu eta oinarrizko informazioa eskaintzen da. Horretaz gain 1991tik 2008 artean saritutako narrazio eta olerki guztien bertsio digitala eskaintzen da.