Gaur, otsailaren 26an, Euskaltzaindiak izendatu berri dituen ohorezko euskaltzainei diplomak eman dizkie. Ekitaldian zortzi ohorezko euskaltzain izan dira eta honela dioen diploma bana jaso dute: "Euskaltzaindiak euskararen aldeko haren merezimendu bikainak aitortuz, euskaltzain ohorezko izendatu du". Honelaxe esan die Andres Urrutia euskaltzainburuak: "Askotarikoak dira zuen eginak, hitzetan nahiz ekintzetan, euskalgintzaren esparruan. Horiek eskertu nahi ditu Euskaltzaindiak ekitaldi honekin eta bide batez, zuen presentzia baliatu zor zaizuen ohorezko izate hori nabarmentzeko eta azpimarratzeko gizartearen aurrean".
Orotara, 11 ohorezko euskaltzain berri izendatu zituen Akademiak, urtarrilaren 29an eginiko osoko batzarrean: Pakita Arregi, Gorka Aulestia, Joxe Azurmendi, Luis Baraiazarra, Erramun Baxok, Martzel Etchehandy, Ana María Etxaide, Joshua Fishman, Jose Angel Irigarai, Joxemari Iriondo eta Xabier Lete.
Bestalde, Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekak erakusketa xume bat prestatu du aretoko beira-kutxan, ekitaldiak iraun duen bitartean ikusgai egon dena. Erakusketak ohorezko euskaltzain berrien liburu eta argitalpen batzuk biltzen ditu.