Otsailaren 26an, ohorezko euskaltzain berriei diploma emate-ekitaldia egin dela aprobetxatuz, Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekak erakusketa xume bat prestatu du aretoko beira-kutxan, ekitaldiak iraun duen bitartean ikusgai egon dadin. Erakusketak ohorezko euskaltzain berrien liburu eta argitalpen batzuk biltzen ditu.
Urtarrilaren 29an, Euskaltzaindiak Donostian egindako osoko batzarrean, ohorezko euskaltzain berriak izendatu zituen. Orotara, 11 ohorezko berri izendatu zituen: Pakita Arregi, Gorka Aulestia, Joxe Azurmendi, Luis Baraiazarra, Erramun Baxok, Martzel Etchehandy, Ana María Etxaide, Joshua Fishman, Jose Angel Irigarai, Joxemari Iriondo eta Xabier Lete.