Getxoko toponimia gainbegiratzen ari dira bertoko Udala eta Euskaltzaindia. Lan horren barruan, ekitaldi berezi bat antolatu da egunotan Algortako Azokan: Algortako eta Andra Mariko antzinako argazkiak biltzen dituen erakusketa. Erakusketa horren helburua ondoko hauxe da: argazkietan agertzen diren tokiei buruzko informazioa biltzea, herriko mapa toponimikoa osatze aldera. Hori dela eta, Euskara Zerbitzuak hauxe eskatzen die bisitariei: batetik, ikus daitezkeen tokiei buruzko informazioa ezagutuz gero, han utzitako paperetan idazteko, eta bestetik, aspaldiko argazkiren bat edukiz gero, San Nikolas liburutegira eramateko. Erakusketak 80 bat argazki biltzen ditu eta urtarrilaren 19a bitartean zabalik egongo da.
2008ko abenduan, Getxoko Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, herriko toponimia sendotzeko. Hitzarmenaren arabera, Getxoko leku-izenak liburutik abiatuta, Akademiaren Onomastika batzordeak sarrerak gainbegiratu eta osatu behar ditu, azalpen historiko eta etimologikoak emanez. Liburuaren edizio berria argazkiz eta mapaz hornituko da, eta gaztelerazko bertsioa ere izango du.