Jakina denez, Olabideren itzulpena izan zen Biblia osoaren bigarren argitaraldia Euskal Herrian, Duvoisinenaren ondotik, baina hori baino bereizgarria garrantzitsuagoak dira beste hauek: lehena jatorrizko hizkuntzetatik (hebraiera eta grekera) itzulia eta lehena ere nagusiki asmo pastoralez egina, hau da, Euskal Herriko parrokia, ikastetxe eta enparauetan erabiltzeko pentsatua, aurreko bi itzulpen osoak, Duvoisinena eta Uriarterena (1978ra arte argitaratu ez zena) Bonaparte printzearen aginduz eta nagusiki asmo filologikoz egin baitziren. Prefosta, Olabideren itzulpen honek ere ageriko asmo filologikoak zituen, baina esango nuke jatorrizko asmoa erlijiosoa zela, huts-hutsean erlijiosoa ez bazen ere. Baina bego horretan alderdi hori eta jo dezagun beste batzuetara.
Ezagunak dira testu horrek argitaratua izateko sufritu zituen abentura batzuk: 1937ko apirilaren 26an Gernikan zegoen Olabide, hots, bonbardaketa hasi zenean bere buruaz ardura gutxi harturik, sugarretan zen etxetik nola edo hala lortu zuen eskuizkribua salbatzea eta Joseba Elosegi gudari-kapitainari esker, Kanalako parrokoaren etxeraino eramatea. Istorio beltz honen hurrengo kapituluak Okzitaniako Tolosaraino eramango gaitu, non bizi zen jesuita jaun hau, jesuita izan arren, erbesteraturik; 1942ko irailaren 9an, Arantzazuko Ama Birjinaren egunean hain zuzen ere, zoritxarreko istripu bat izan zuen eta egun gutxira hil zen, eskuizkribua erabat bukatuta eta azken oharrak egiten ari zela.
Berriz ere etenda geratzen zen argitaratze bidea, baina hamalau urte geroago aspaldiko asmo hori betetzea deliberaturik, Txinatik etorri arazi zuten beste aita jesuita bat, hura ere ez kasualitatez hain urrun eta hain denbora luzez hantxe bizi zena: aita Patxi Etxeberria (1900-1989) andoindarra. Bi urte behar izan zuen honek idazlana prestatzeko eta argitalpenean 150 orrialdetik gora hartzen duten oharrak egiteko; tartean, estuki kolaboratzen du Jokin Zaitegirekin (1906-1979), Euzko Gogoa-n artikulu ugari idatziz. Gehiegizko ahalegina, nonbait, zeren azkar asko erabaki zuten haren nagusiek horrenbesteko adore, jakintza eta kemenak enplegu hobea zukeela Txinan Euskal Herrian baino, eta hara igorri zuten bueltan lanak argia ikusi bezain laster.
Baina jakingarria balitzateke ere gertakari horien bidezidorrei hobeki erreparatzea, han hemenka geratutako gutuneria arakatuz, geuk aurrera segituko dugu bidean. Gauzak ondo-ondo egite aldera, hitzaurrea monsinore Paulo Gurpide Bilboko apezpikuari eskatzen zaio, baita lortu ere. Horrela, 1958ko abuztuaren 8an Patxi Etxeberriak bukatutzat jotzen du lana, azken orrian bi bertso eder paratuz; ez da ausartzen, dena den, bere izena oso-osorik aitortzera, ez dakigu zuzen zergatik, baina erraz susma daiteke arrazoia, honela bukatzen baitu laster Txinara itzuliko zen jesuitak bere lehen bertsoa: "Izango bait-du akarra". Akarra. Euskal hitz zahar baina bazterreko eta zirkulazio txikiko horietakoa, tipikoak Olabiderengan eta haren eskolakoengan. Esanahia zehatz jakiteko jo dezagun Azkueren hiztegira, han ikasiko baitzuen, dudarik gabe, gure Etxeberriak, eta hauxe da aurkitzen duguna: "AKAR: (AN-elk, BN-s), âkar (R) : 1º riña, reprensión: rixe, reprimande". Ez zegoen oso ziur, beraz, lan horrek Elizaren aldetik izango zuen harreraz.
Eta badator azkenean kontakizunari izenburua ematen dion gertakaria, alegia, denek ez ziren izango iritzi bereko, Alfontso Irigoien Euskaltzaindiko orduko idazkariak proposamen ausart bat jalgitzen baitu erakunde honek 1959ko ekainaren 25ean egiten duen bilkuran; hitzez hitz kopiatuko dugu batzar-agiritik:
Irigoyen-ek diño zelan fraile baten bitartez Aita Santuari Olabide-ren Biblia argitaratu barria Euskaltzaindiaren izenean eskeintzeko modua dagoen. Eskeiñi bekio olango gauzak egin oi direan erara. Euskera, 17. libk. (1937-1953 ) 82 or.
Eta honela istorio honen muinera iritsi gara: Euskaltzaindiak erabakitzen du Aita Santuari Olabideren Bibliaren ale bat oparitzea eta horretarako gutun bat idazten dio, zuzenean. Kontura gaitezen, 1936tik aurrerako historia ezagutzen duen edonorentzat ezin liteke esan erabaki ausarta ez zenik; bizirik izango ziren, oraindik, eta guztien gomutan, 1936-37 urteetan eta ondorengoetan euskaldun abertzaleek Vatikanoan egindako urratsak bakebide bat erdieste aldera, eta ondo gogoan izango zuten, adibidez, Muxika apezpiku ezagunaren kasua, beste askoren artean. Eta, hala ere, Aita Santuari zuzenean idaztea erabakitzen da. Gutun horren kopia erakundearen artxiboan kontserbatu da, baita ere hura erredaktatzeko erabilitako zirriborroa, Orixeren eskuz idatzia. Gutuna Ignazio Maria Etxaide euskaltzainburuak eta Nazario Oleaga idazkariak sinatua zen. Digitalizatuta daukazue albiste honen amaieran.
Gaur egungo perspektibatik bitxia da garai hartan euskara aldezteko erabiltzen ziren arrazoia irakurtzea, badu muntarik horrelako ariketak egitea, neurri handi batean guztiz konbentzionalak izan arren (ez da sinestekoa ordurako Mitxelena batek, adibidez, horietan sinesten zuenik) ondo laburbiltzen dutelako orduko giroa eta euskaltzain askoren (Etxaide, adibidez) mundu-ikuskera. Baina bada zerbait aipagarriagoa. Gutunaren bukaeran bada esaldi bat ordura arteko estilo konbentzional eta hipererrespetagarritik nabarmen aldentzen dena, beste zerbait plazaratuz. Jatorrizkoa PDF formatuan atxikita duzuenez gero, euskarara itzuliko dugu hemen:
Bere Santutasunaren bedeinkaziozko hitz bat itzulpenaren egileentzat, batez ere beren premia espiritualetan hura erabiliko duten guztientzat, adoretuko dituena, gainera, ez dezaten alperrik gal Erregio nabarmenki katoliko honen herri tradizioan dugun altxorra, izango litzateke Akademia honek gure Aita Santuaren ontasunetik jasoko lukeen saririk ederrena. (Euskaltzaindia, 1959ko ekainaren 25eko gutuna)
Argi esanda: Euskaltzaindia Aita Santuaren babesa eskatzen ari da, babesa euskararentzat, babesa itzultzaileentzat eta babesa itzulpen hori erabili nahi dutenentzat. Joan XXIII.a zen Aita Santu hori. Zerikusirik izango zuen Pio XII.aren erreinaldi luzearen ondoren Elizan sortzen ari zen giro berria? Sei hilabete lehenago, 1959ko urtarrilaren 25ean iragarri zuen Kontzilioa berria, Vatikano II.a? Galdera interesgarriak dira, erantzun zailak, ikerketa zehatzagoak eskatzen dutenak. Baina hortxe dago, beharbada, ondoko urteetan Eliza barruan Liturgiaren alorrean, eta beste hainbatetan, egin zen lan itzelaren hastapena. Beharbada.
Baina gure bidaiatxo honi bukaera emateko beste gutun bat ekarriko dugu hona, sei hilabete geroago Etxaide euskaltzainburuak Gurpide Bilboko apezpikuari igorria. Jakin du Euskaltzaindiak, bide pribatuetatik nonbait, Vatikanoak jaso duela oparia, eta oparia jasotzeaz gain beste hiru ale eskatu dituela. Eta ez hori bakarrik, jakin du, nonbait, Aita Santuak berak gutun bat igorri diola Euskaltzaindiari, Bilboko apezpikuaren bidez, hots, kasu honetan prozedura arruntari segituz. Zer ote dio Aita Santuak gutun horretan? Hain adoretsu eta apal eskatutako babes haren aztarnaren bat, akaso? Ez dakigu, Euskaltzaindiak ez baitu oraingoz gutun hori jaso. Eta segitzen du Etxaidek:
Katoliko gisa, barru-barruraino hunkiturik Aita Santuak gure oparia onartu izanaren ideiaz, eta hark gurasotasunez entitate honi gutun baten bidez ondra ematearen kausaz, Bere Gorentasunarengana jotzen dugu adierazteko gure kristau-emozioa Egoitza Santutik idazki hori laster jasotzearen aukeraz. (I.M. Etxaide euskaltzainburua, 1959ko abenduaren 17)
Jaso ote zuen Euskaltzaindiak gutun hori inoiz? Gure artxiboan orain arte ez da agertu eta, dakigula, ez da inoiz aipatua izan.
Olabideren Biblia, jakina denez, inoiz ez zen oso erabilia izan herri kristauaren mailan, agintari zibil eta erlijiosoek dudarik gabe jarriko zioketen zailtasunez gain bazirelako, ziur aski, beste batzuk, Mitxelenak Egan aldizkarian egin zion erreseina luze eta ezagun batean (1959, 85-94or. ) ederki azaltzen dituenak, arazoen alderdi guztiak baitira kontuan hartu beharrekoak. Patxi Etxeberria bera ez da Txinatik itzuliko 1987ra arte, eta aurkituko duen giroa ez da bere oso gustukoa izango, Patxi Altunak inoiz gogoratu duen gisan. Baina hori beste historia bat da.
1959ko ekainaren 25ean Aita Santuari bidalitako gutuna 4,43 Mb
OHAR GEHIGARRIA
Zilegi bekigu ohar laburtxo bat gehitzea, artikulua argitaratu ondoren moldatua irakurle batzuen iradokizunei segituz:
Vatikanoak Euskaltzaindiari igorri zion gutuna, Gurpide apezpikuaren bidez, ez dago gure artxiboan, baina haren kopia Euskeran argitaratu zen ( " Erromako erantzuna euskaltzaindiak Aita Santuari bialdu ta eskeiñi zion bibliaz / D. Card. Tardini, Obispado de Bilbao », In: Euskera. -- 5. libk. (1960) ; 419 orr.) eta digitalizatuta daukazue beherago. Kardenal Tardinik sinatua da eta 1959ko urriaren 29ko data du. Beraz, ez da zuzena esatea «orain arte ez da agertu eta [...] ez da inoiz aipatua izan », haren kopia Euskaltzaindiak berak argitaratu baitzuen. Barkazioa eskatzen dizuegu nahigabeko hutsagatik.
Dena den, aipagarria iruditzen zaigu daten segidari erreparatzea : 1959ko ekainaren 25ean igorri zuen lehen gutuna Euskaltzaindiak Vatikanora ; lau hilabete geroago erantzun zioten (urriaren 29an), gutuna Bilboko apezpikuari igorriz; bi hilabete geroago (abenduaren 17an), Euskaltzaindia Bilboko apezpikuari zuzendu zitzaion, gutun horren berri ba ote zuen galdetuz; eta Gurpide apezpikuak beste hiru hilabete behar izan zuen Euskaltzaindiari erantzuteko (1960ko martxoaren 26an). Bide luze eta bihurria, zinez ! Eta den-dena, Aita Santuaren bedeinkazioa lortzeko ! Izan ote zuen keinu horrek garrantzirik euskararen historia sozialean ? Neuk esango nuke baietz, pisu benetan handia izango zuela. Beharbada kontu hauek guztiz arrotzak egingo zaizkio adin batetik beherakoak direnei edo frankismoaren garaiko historiaz ezer gutxi dakitenei, baina neu ziur nago orduko euskaltzaleentzat ez zela izango, ez, ahuntzaren gauerdiko eztula, 1960 aldean, Aita Santuaren bedeinkapena izatea bere lanaren babesgarri, sobera ezaguna baitzen Espainiako Elizaren hierarkiak euskarari buruz zeukan iritzia (gobernuaren jarrera errazago imajinatzen dugu, baina aztertu beharko litzateke bien arteko aldea noraino ailegatzen zen).
Eta irakurlea aspertzeko beldurrez bada ere, bukatu aurretik erantsi nahi nuke Patxi Etxeberria prestatzailearen lana ez zela soilik izan 150 bat orrialde hartzen duten oharrak idaztea ; hortaz gain, Bibliako liburu bakoitzari sarreran aurkezpen bat gehitu zion, horrelako argitalpenetan arrunta den bezala. Beraz, nire kalkuluen arabera beste 80 edo 100 bat orrialde, erraz. Eta lan hori egin ondoren, Txinara igorri zuten bueltan.
Erromako erantzuna Euskaltzaindiak Aita Santuari bialdu ta eskeiñi zion Bibliaz 87,00 Kb