Gaur, abenduaren 29an, Jose Antonio Aranaren Biblioteka izeneko katalogoa aurkeztu du Euskaltzaindiak Bilbon, Akademiaren egoitzan. Liburuan Jose Antonio Arana Martija euskaltzain emerituaren bibliotekaren katalogoa jaso da. Guztira 5.657 erreferentzia ditu, eta gaiei dagokienez, Humanitateen esparrukoak dira nagusi: historia, kultura, musika, erlijioa, zuzenbidea, literatura edota artea. Liburua Euskaltzaindiaren "Katalogoak" sailaren 3. zenbakia da. Aurkezpena Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jose Antonio Arana Martijak egin dute, alboan Xabier Kintana idazkaria, Jose Luis Lizundia diruzaina eta Patxi Uribarren euskaltzaina izan dutelarik.
2007ko irailaren 28an, Jose Antonio Arana Martija euskaltzain emerituak bere liburutegi pertsonalaren dohaintza egin zion Euskaltzaindiari. Liburutegi horretan urte askotan zehar bere lanak egiteko erabili dituen liburuak eta argitalpenak daude. Euskaltzaindiko Azkue Bibliotekaren zerbitzuek katalogazio lanak egin dituzte eta ondare guztia irakurle eta ikertzaileen eskura jarri. Katalogo hori da gaur aurkeztu dena.
Liburuaren pdf-a Euskaltzaindiaren webgunean jarriko da aurki.
Jose Antonio Arana Martijaren hitzak gaurko aurkezpenean 11,30 Kb