Gaur, azaroaren 26an, Baztan-Bidasoako hizkeren azterketa dialektologikoa liburua aurkeztu dute Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak, Iruñean, Euskarabidearen egoitzan. Liburu hau Edu Zelaietaren doktorego-tesiaren bertsioa da eta Nafarroako Baztan-Bidasoako hizkeren deskribapenetik abiatuta, bertako euskararen azterketa dialektologikoa egitea du xede nagusia. Liburua Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak argitaratzen duten "Mendaur" bildumaren zazpigarren zenbakia da.
Aurkezpena Edu Zelaietak berak egin du, Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariarekin eta Xabier Azanza Euskarabideako zuzendari kudeatzailearekin batera. Ekitaldian, Juanjo Zearreta euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiaren kudeatzailea zena gogoan izan dute.
Edu Zelaieta: liburuaren sarrera 2,19 Mb
Liburuaren aurkibidea 408,66 Kb
Andres Iñigok adierazi duen bezala, Baztan-Bidasoako hizkeren azterketa dialektologikoa lanak "aipatu eremu geografiko zabal hartako hizkeren egitura geolinguistikoa aztertzeaz gain, hizkera horiek dialektologiaren mapan ahalik eta zehatzen kokatzen ditu". Tesiaren zuzendaria Iñaki Camino irakasle eta ikertzailea izan zen, "eta bere zuzendaritzapean metodologia berri baten ikuspegitik" lan egin du Zelaietak, Iñigoren esanetan.
Xabier Azanzak, bestalde, Edu Zelaietak "dialektologia kontrastatzailea" erabili duela esan du, "aipatu ditugun eskualdeetako hizkerak alderatu ditu eta, horretaz gainera, haien arteko konbergentziak eta dibergentziak aurkitu".
Azkenik, Euskaltzaindiarentzat lan honek duen garrantzia azpimarratu du Andres Iñigok: "Interesgarria da lan hau egina ikustea, hizkera horietan aurkitzen den altxorrarekin Akademiaren Corpusa hobeki hornitzeko eskaintzen digun aukeragatik, euskara batua osatu eta aberasteko material hagitz baliagarria izanen delako".
Edu Zelaieta
Gasteizen jaioa, 1973an. Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle Eskolako Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika irakaslea da.
Dialektologiako zenbait artikulu argitaratu ditu Euskera eta Fontes Linguae Vasconum aldizkarietan. Literaturari dagokionez, sari hauek irabazi ditu: 2001. urtean Ernestina de Champourcin saria eta 2003. urtean poesiako Joseba Jaka IV. Beka. Olerki liburuak eta kontakizun laburrak argitaratu ditu eta Mugaldekoak izeneko musika ikuskizunean hartu du parte. 2010. urtean hirugarren olerki liburua argitaratuko du.
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.