Azaroaren 20an, ostiralean, eta Akademiaren Sustapen batzordeak antolatuak, XIV. Jagon Jardunaldiak egingo ditu Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan, "Etorkinak eta euskara" gaiaren inguruan. Unesco Etxea eta Deustuko Unibertsitatearen Euskal Gaien Institutua laguntzaile izan ditu Akademiak, jardunaldi hauek prestatzeko.
"Euskal Herrian azken urteotan indartu den fenomeno bat jorratuko da beren-beregi: etorkinen gaia euskararen perspektibatik, hain zuzen. Gaia zenbait ikuspegitik garatuko da, besteak beste, ikuspegi soziodemografikotik, soziolinguistikotik, juridikotik, hezkuntza alderditik etab. Era berean, Euskal Herri kontinentalean, helduaroan, euskara ikasten ari diren ikasleen azterketa berri bat ere aurkeztuko da. Halaber, hezkuntzan garatutako zenbait esperientzia zein eskualde batzuetan etorkinen integrazioa sustatzeko egitasmo batzuen berri ere emango da".
Izen-ematea
Euskaltzaindiaren XIV. Jagon Jardunaldiak irekiak izango dira, bai eta doakoak ere, eta entzule bezala nahi duena joan daiteke.
Izena emateko epea azaroaren 19an amaituko da. Izena emateko sakatu hemen.
XIV. Jardunaldien egitaraua 654, 46 Kb
Sortu zenetik bertatik euskararen corpusaz, euskara erabilera-eremu berrietarako eguneratzeaz arduratzeaz gain, euskararen gizarte-erabileraz arduratu da Euskaltzaindia. Izan ere, zer da hizkuntza bat hiztunik eta erabilera-eremurik gabe? Nolatan gaurkotu liteke hizkuntza bat nonahi baliatzeko, hiztunen gaurko zein bihar eta etziko hizkuntza beharrak asebetetzeko hizkuntzaren gizarte-erabileraz kezka eta ardura erakutsi gabe?Horiek horrela, hizkuntzaren erabileran eragina duten gizartearen alde guztiak, bai eta hiztunek bizi dituzten kultura arauak, itxaropenak eta testuingurua ere biltzeko zein haietan eragiteko eratu zuen Euskaltzaindiak Jagon Saila. Sailaren barruan dagoen Sustapen Batzordeak, azken urteotan, euskal gizartean puri-purian dauden gaiak aztertu eta aztergai izan dituen gaiei buruzko iradokizunak egin ohi ditu ia urtero.
Iaz burututako Jardunaldietan euskararen egoera eta bilakaera aztertu ziren kontsumoaren arloan. Aurten, berriz, Euskal Herrian azken urteotan indartu den fenomeno bat jorratuko da beren-beregi: etorkinen gaia euskararen perspektibatik, hain zuzen. Gaia zenbait ikuspegitik garatuko da, besteak beste, ikuspegi soziodemografikotik, soziolinguistikotik, juridikotik, hezkuntza alderditik etab. Era berean, Euskal Herri kontinentalean, helduaroan, euskara ikasten ari diren ikasleen azterketa berri bat ere aurkeztuko da. Halaber, hezkuntzan garatutako zenbait esperientzia zein eskualde batzuetan etorkinen integrazioa sustatzeko egitasmo batzuen berri ere emango da.
Joaquim Dolz irakaslea
XIV. Jagon Jardunaldiak Joaquim Dolz irakaslearen hitzaldi batekin eta ondorioekin amaituko dira. Dolz irakaslea, Katedraduna da Hizkuntzen Didaktikan, Psikologia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Genevako Unibertsitatean. Genevako Unibertsitateko taldea (Bronckart, Schneuwly eta Dolz izanik izenik handienak) sekuentzia didaktikoen asmatzaile hartu behar da. Halaber, Dolz irakaslea, besteak beste, Andorrako Hezkuntza Eleanitz sistema berriaren diseinatzaileetako bat da.
XIV. Jagon Jardunaldiak antolatzeko orduan, Unesco Etxearen eta Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuaren laguntza izan du Euskaltzaindiak, erakunde hauekin dituen lankidetza-hitzarmenei esker.
Egitaraua:
GOIZEKO SAIOA:
- 10:00-10:15. Lan-jarduna eta mintegian esku hartuko dutenen aurkezpena. Sagrario Aleman
- 10:15-10:45. "Immigrazio berria, hizkuntza arazo berririk?"
Moderatzailea: Manu Ruiz Urrestarazu
Hizlariak: Xabier Aierdi eta Erramun Osa - 10:45-11:00. Elkarrizketa eta galderetarako tartea
- 11:00-11:40. "Helduen euskalduntzea eta etorkinak Ipar Euskal Herrian"
Moderatzailea: Andres Iñigo
Hizlariak: Erramun Baxok eta Jean-Baptiste Coyos - 11:40-12:00. Atsedenaldia
- 12:00-12:30. Euskera, XIII. Jagon Jardunaldietako hitzaldiak. Hedabideen aurrean aurkezpena
- 12:30-13:00. "Etorkinak, euskara eta hizkuntza aniztasun berria. Giza eskubideetatik sortutako zenbait hausnarketa".
Moderatzailea: Santiago Larrazabal
Hizlaria: Eduardo Javier Ruiz Vieytez - 13:00-13:15. Elkarrizketa eta galderetarako tartea
ARRATSALDEKO SAIOA
- 16:00-17:30. Esperientzen aurkezpena.
Moderatzailea: Andres Urrutia - 16:00-16:25. "Haur etorkinen euskara: eskolaren eta inguru euskaldunaren eragina"
Hizlariak: Ibon Manterola eta Eider Lardizabal - 16:25-16:50. "Etorri berriak nola hurbildu: Markina-Xemeingo esperientzia"
Hizlaria: Iratxe Lasa - 16:50-17:15. Sakanako esperientzia
Hizlaria: Begoña Zestau Baraibar - 17:15-17:30. Elkarrizketa eta galderetarako tartea
- 17:30-18:15. "Los programas de educación multilingüe: nuevo reto para la didáctica de las lenguas"
Moderatzailea: Itziar Idiazabal
Hizlaria: Joaquim Dolz - 18:15-18:30. Elkarrizketa eta galderetarako tartea
- 18:30-18:40. Ondorioak eta saioaren bukaera.
Andres Urrutia, Sagrario Aleman eta Erramun Osa