Hasiera hasieratik izan zen nire eskuineko eskua. Langile aparta, leiala eta erakundeari zeharo atxikia.
Bilbon ezagutu nuen Euskaltzaindiaren Erribera kaleko egoitza zaharrean. Idazkari soil batekin, laguntzaile baten premia handia nuen, bi zeregin betetzeko, bata, erakundearen kontularitza eramateko eta, bestea, Euskaltzaindiaren babespean antolatzen ziren alfabetatze kanpainak eta euskalduntze ikastaro hasi berriak koordinatzeko, neu bainintzen, 1968-69tik, Rikardo Arregiren eskutik, Bizkaiko arduradun eta ezin nuen denera iritsi.
Banekien nola 1968-69an, Deustuko San Felizisimo pasiotarren ikastetxean euskarazko eskolak, alfabetatze eta euskalduntzekoak ematen hasia zen taldetxo bat, oker ez banago, Xabier Mendiguren, Jose Ramon Tapia eta Juanjo Zearretak osatua. Juanjorengana jo nuen eta Juanjo hartu nuen aipatu lan biotarako. Hasiera hasieratik izan zen nire eskuineko eskua. Langile aparta, leiala eta erakundeari zeharo atxikia.
Alde batetik, orduko diru kontu urriak eramaten laguntzen zidan. Alfabetatze-euskalduntze zereginak lau alorretan zatikatu ziren: 1. Herrietako alfabetatzearen koordinakundea, 2. Euskalduntze lana; 3. Irakasleen prestaketa eta 4. Testugintza. Azken honetan buruturiko argitalpenak dira hiru Euskalduntzen liburuak eta Alfabetatzen (1975). Langintza horretan hamahiru lagun aritu ziren eta horietako aurrenetarikoa Zearreta izan zen.
1979.ko I Barne Jardunaldien ondorioz, Jagon Saileko hiru batzordetan agertzen bada ere, Alfabetatze-Euskalduntzeko Gidaritza Teknikoan, Oinarrizko Euskara eta Irakaslegokoan laugarren baten, hots, Bertsolaritzakoan ere antolaketa laguntzaile ere aritu zen, zeren eta garai hartan Euskaltzaindiak antolatzen baitzituen txapelketak. 1981ean eta 1983 "urtebiko" batzorde berberetan jarraitzen du. Gauza jakina, Euskaltzaindiak ematen zituela Irakaslego batzordearen bidez, Eusko Jaurlaritzaren esku laga arte, ba, pasa ondoren ere Azterketa batzorde idazkari jarraitu zuen Zearretak, baita, Nafarroan ere geroago.
Erakundean Ekonomi eragile kargua hartu zuen 70eko hamarkadaren erdialdera eta lan horretan eman bere lanik oparoena, ni 2003an, idazkariorde-kudeatzaile bezala jubilatu arte. Orduan, nire gomendioz eta Zuzendaritzaren onarpenez, kargu bikoitza banatzea berretsi zuen ekainaren 27ko osoko bilkurak, kudeatzaile Juanjo Zearreta izendatuz eta Pello Telleria idazkariorde. Luze eta zabal ihardungo nuke, ahal banu, bere kudeatzaile ardura nagusian. Aitor dezadan, hogeitamasei urtetan, eskuineko eskua izan dudala, azken urteotan kudeatzaile arduran. Uste dut gauza berbera aitortuko duela Andres Urrutia euskaltzainburuak ere.
Jose Luis Lizundia, diruzaina