2009ko Nafarroa Oinez festaren harira, Txikiak handi topaketa burutu zen Arbizun, urriaren 16an. Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Behatokiak antolatutako topaketa honetan, euskara, aragoiera, bretoiera, galesa, katalana eta okzitaniera hizkuntza gutxituen ordezkariak batu ziren. Euskararen ordezkaritza zabala izan zen, horien artean Euskaltzaindia ere egon zelarik. Akademiaren izenean, Andres Iñigo Nafarroako ordezkariak euskararen normalizazioaren bidean, euskararen batasunaren inguruan Euskaltzaindiak egindako lanazazaldu zuen.
Antolatzaileek azaldu zutenez, "Txikiak Handi, aurtengo Nafarroa Oinezen leloa gauzatzeko, Europan barrena harreman-sare bat eraiki dugu hainbat hizkuntza txikirekin, leku horietara joan eta elkar ezagutza eta lana bultzatuz". Testuinguru horren barruan egin zen aipatu topaketa.
Andres Iñigok aipatutako gaien artean, hauek izan ziren: Euskaltzaindia Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako Diputazioek sortu zutela, euskararen ikerketarako eta sustapenerako. Historia laburra egin ostean -Gerra garaia, 1968ko Arantzazuko Biltzarraren garrantzia, sendotze garaiak-, gaur egungo Euskaltzaindiaren lana azpimarratu zuen, eta erakundeak indarberritze eta eguneratze prozesuari ekin diola azaldu zuen, besteak beste, gaur egungo tresna eta teknikari egokituz, esku artean dituen ikerketa proiektuak bizkortuz eta indartuz, proiektu berriak abian jarriz, euskara gizarteratzeko kanalizazio berriak irekiz, etab.
Sagrario Aleman euskaltzain osoak ere parte hartu zuen topaketan.