Egilea Zekine Türkeri kazetari kurdua da, gure artean ezaguna dena behin baino gehiagotan Deia edo Berria bezalako egunkarietan turkoei eta kurduei buruzko artikulu eta erroportajeak argitaratu dituelako, arrunki ezizenez. Hortaz gain, pelikula ezagun baten errodajean kolaboratu zuen, La espalda del mundo (Zuzendaria: Javier Corcuera) 2000. urtean Donostiako Zinemaldiko Sari Nagusia eskuratu zuelarik. Oraingoan Euskal Herriari buruzko liburu bat argitaratu du Ankaran.
Liburuak bi zati ditu. Lehenengoan Euskal Herriaren historiaren laburpen bat egiten da, bereziki XX. mendeko atalean eta, honen barruan, azken hamarkadetako gatazka politikoan sakonduz. Bigarren zatian hainbat politikari, intelektual, kazetari edo sindikalistei egindako elkarrizketak datoz: Andoni Ortuzar, Patxi Lopez (lehendakari izan aurretik), Leopoldo Barreda, Rakel Peña, Javier Madrazo, Ander Gurrutxaga, David Barbero, Txutxi Ariznabarreta... Bereziki aipagarria Henrike Knörri egindako elkarrizketa.
Helburua Turkiako hiritarrei Euskal Herriko informazio zehatza eta argia eskaintzea da, kontuan izanik euskal autonomiak interes handia sortzen duela han, bereziki kurduen artean.
Liburuaren erredakzioan Sabino Arana Fundazioaren laguntza bat izan zuen. Halaber, IPES, Bilboko Kafe Antzokia eta baita ere Euskaltzaindia eta Azkue Biblioteka aipatzen ditu sarreran, eskertu beharreko laguntzen atalean.
Ez dago esan beharrik zein interesgarria litzatekeen mota honetako ekimenen ugaritzea.
Türkeri, Zekine, Bask meselesi : bir tarih, bir otonomi, bir sorum [Euskal auzia: herri bat, autonomia bat, historia bat]. -- Ankara : Dipnot Yayinlari, 2007. 304 orr. ; 21 cm ISBN 978-975-9051-39-6