Mikel Atxaga 1965etik aurrera euskal kazetaritzan koskortu ginen gazteon maisua izan zen. Nekez gero beste inor haren idaz-jario jatorraren eta gauzarik zailena modurik errazenean kontatzeko ahalmenaren jabe. Atxaga sekula itzuliko ez diren garaien lekuko dugu. Berak esan ohi zuenez "errepublikanoa jaiotzez", Errepublikan jaioan alegia, baserritarren sindikatuaren biltegian aritutako apaiz langilea izan zen 1960eko hamarkadan, "Francok Elizari eman ohi zion soldata jaso nahi" ez zuelako. Apaiz izateari utzi eta Zeruko Argia astekariaren zuzendari, argitaratu aurretik ale osoa zentsuratik pasatu behar izaten zen garaietan.
Zenbaitek besterik uste arren, Mikel Atxaga ez zen inoiz euskaldun sutsua izan, euskaldun hutsa baizik. Bada gero alderik, ez zuen-eta sekula erdaraz idatzi. Demokraziaren atarian ere, Felipe Gonzalezek Donostian emandako lehen prentsaurrekoan (1976), Mikelek euskaraz galdetu zuen. Eta erantzunak ez zuen galdera gaztelaniaz egin izan balio baino oihartzun gutxiago izan.
Mikel Atxaga orain 40 urte arnasberritu zen euskal kazetaritzaren larre motzeko bidegile apal izan genuen. Jaioko dira bai berriak, baina Xabier Letek esan bezala, "izan zirelako gara". Mikel bezalakoak izan direlako.
(Artikulu hau Deia egunkarian argitaratu zen, 2009ko irailaren 12an).