Euskaltzaindiak Euskera 2008, 2 liburua kaleratu berri du. Jakina denez, Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala da eta hiru zenbaki argitaratzen dira urtero. Horietatik bik -lehenak eta hirugarrenak- Akademiaren lana eta bizitza akademikoa biltzen dituzte, eta bigarrenak, aldiz, ikerketa-lanak eta liburu aipamenak jasotzen ditu beren-beregi.
Horiek horrela, urteko bigarrena izanik, zenbaki honetan hamar ikerketa lan bildu dira, eta gai zehatz bati ere eskaintzen dio arreta berezia: testu-antolatzaileen erabilera estrategikoari, alegia. Izan ere, 2008ko irailean, Euskaltzaindiaren Corpus batzordeak antolatuak, XII. Jagon Jardunaldiak egin zituen Akademiak, Iruñeko Jaso Ikastolan, "Testu antolatzaileak. Erabilera estrategikoa" gaiaren inguruan. Batzordekideek landu eta Pello Esnalek koordinatutako izen bereko liburua ere bertan aurkeztu zen, gai honetaz hausnartzeko abiapuntua izan zelarik.
Jagon Jardunaldi horietan hizlari izan ziren Pello Esnal, Juan Luis Goikoetxea, Lourdes Elosegi eta Andres Urrutiaren mintzaldiak jaso dira orain kaleratu den liburuan.
Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa "Jagon" bildumaren 7. liburua da. Pello Esnal lanaren koordinatzaleak azpimarratzen zuenez, liburu honek euskararen egokitasuna du langai, "galdera bat gidari: nola ekoiztu euskara egokia? Eta erantzuten ere saiatu gara: besteak beste, testu-antolatzaileak era estrategikoan erabiliz".
Esan bezala, Akademiaren XII. Jagon Jardunaldietan aurkeztu zen. Orain plazaratu den Euskera 2008, 2 liburu honek orduko agiriak jaso ditu: Pello Esnalek egindako aurkezpenaz gain, jardunaldi horietan eman ziren beste hiru hitzaldi: "Testu-antolatzaileak gazteriaren idazkerarako argitasuna eta garbitasuna" (Juan Luis Goikoetxea), "Euskararen erabiltzaile estrategikoa: helduen euskalduntze eta alfabetatzearen helburu" (Lourdes Elosegi) eta "Legeen eta Administrazioaren hizkera, testu-antolatzaileen ikuspegitik" (Andres Urrutia).
Bestalde, agerkarian, 10 ikerketa lan bildu dira ere. Besteak beste, Patziku Perurenak, Jose Luis Erdoziak, Txomin Peillenek edota Ramón de Andrések sinatzen dituzte lanak.
Luis Baraiazarrak, Koldo Bijuescak, Andres Urrutiak eta Patxi Goenagak egindako argitalpen erreseinak ere badaude Euskera agerkariaren zenbaki berri honetan.
Liburuaren aurkibidea 233,60 Kb
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.