Uztailaren 17an, Euskaltzaindiaren 90. urteurreneko ospakizun ekitaldia egingo da Bilbon, Akademiaren egoitzan. Egun horretan, Real Academia Española, Real Academia Galega eta Institut d´Estudis Catalans-en Secció Filològica erakundeetako ordezkariak hartuko ditu Euskaltzaindiak, eta eurekin batera ekitaldi akademiko bat burutuko. 90. urteurrena ospatzeaz gain, akademien arteko elkarlana sendotzea du xede ostiralean egingo den ekitaldiak.
Real Academia Española (RAE) gaztelania arautzeaz arduratzen den erakundea da. Gaztelaniaz hitz egiten duten beste 21 herrialdeen akademiekin batera Asociación de Academias de la Lengua Española izeneko elkartea sortua du. Bere arauak Diccionario de la Real Academia Española izeneko hiztegian argitaratzen ditu, gramatika eta ortografiaz aritzen dena.
Real Academia Española 1713an sortu zen. Egoitza Madrilen du eta Víctor García de la Concha da bere zuzendaria.