Ekainaren 11n, Bilboko Liburu Azokaren barruan, Txomin Peillen idazle eta euskaltzain emerituak 2009ko Euskal PEN Idazluma saria jaso zuen, "hitz askearen eta literaturaren alde" egindako lanagatik. Laura Mintegi Euskal PEN Klubaren presidente eta euskaltzain urgazlearen eskutik hartu zuen saria Txomin Peillenek, idazluma bat "idazten jarraitzeko, idazleentzat ez dagoelako erretirorik".
Lagun arteko giroan egin zen ekitaldia. Omenaldira joan zirenen artean Xabier Kintana euskaltzain osoa zegoen, baita Sebas Gartzia Trujillo eta Jose Ramon Etxebarria euskaltzain urgazleak ere. Beste akademiko batek, Jean Louis Davant euskaltzain osoak, Txomin Peillenen aurkezpena egin behar zuen, baina ez zuen Bilbora joaterik izan eta testu bat bidali zuen, Laura Mintegik irakurri zuena. Davanten iritziz, Peillen komunikatzaile oparoa da, eta ikerlari eta idazle polifazetikoa. "Euskaltzaindiaren barruan ikusi nuen arte ez nuen atsedenik hartu" idatzi zuen Zuberoako euskaltzainak.
Txomin Peillen Euskal PEN Klubaren ohorezko lehendakaria da.