Agirreazkuenagaren zuzendaritzapean, Jurgi Kintanak burutu zuen doktorego tesiaren zati nagusia biltzen duen liburu honek bi atal nagusi ditu: Azkueren pentsaera eta Azkueren obra.
Jurgi Kintanak azaldu duenez, sei urte eman zituen artxiboak arakatzen, eta Azkueri buruzko informazioa biltzen. Ondorio garbia atera du: "Azkuek merezi zuen ikerketa sakon bat".
Lehenengo euskaltzainburua izan zenaren arlo bi ikertu ditu Kintanak: pentsaera eta obra. Pentsaerari dagokionez, Azkueren abertzaletasuna aldarrikatu du egileak, eta honela azaldu: "Bere helburua euskara bultzatuko zuen nazio kultural bat eraikitzea zen. Euskara presente ez zegoen tokietara eraman nahi zuen, berak oso esaldi esanguratsua erabiltzen zuen hori adierazteko: "piano hotsa eta te usaina dagoen tokietara eraman behar dugu euskara". Azkue -gaineratu du- abertzalea eta intelektuala izan zen".
Obrari buruz, genero guztiak jorratu zituela azpimarratu du, "eta 60 urtetan zehar, nekerik gabe, euskara hezkuntzan sartu behar zela aldarrikatu zuen, baita bultzatu ere". Bere obra nagusia, Jurgi Kintanaren aburuz, "Euskal Akademia sortzea izan zen, euskara normalizatu eta normatibizatzeko. Bat izan zuen ametsa eta helburua: herri-tradiziotik abiatuta, nazio moderno bat sortu eta etorkizunerako moldatzea".
Bere ondoan, bai Andres Urrutiak, baita Jon Irazustak eta Joseba Agirreazkuenagak ere, Kintanaren lanaren kalitatea goraipatu dute. Gainera, euskaltzainburuak eta EHUko Euskara errektoreordeak bi erakundeon arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu dute.
Liburuaren aurkibidea 83,84 Kb
Resurrecion Maria Azkueren irudiak 14,29 Mb
Intelektuala nazioa eraikitzen: R.M. Azkueren prentsaera eta obra liburua eskuratzeko sakatu hemen