"Azkueren Euskal Erriaren Yakintzan eta neronek egin euskaraz etnografia lanetan aurkitu nituen sinesteak eta tabuak. Sarritan, Euskal Herrian gorde direnak beste herrietan galdu diren antzekoak dira, erromatar kutsukoak edo hilak direla-eta arrima herratuen sinestean, baina ez beti. Tabuak dira, abere batzuen izenak ez aipatzea edo hankaren / zangoaren zatien izendatzeko anabasan".
Biziaren Hiztegiaz liburua orain argitaratu du Euskaltzaindiak, baina aspaldian landu zuen Txomin Peillenek. Izan ere, 1981ean irakurri zuen semantika tesiaren garapena da. Egileak zehazten duen bezala, "1981. urtean Bordeleko Unibertsitatean frantsesez irakurri nuen, eta liburu hau berridazketa da, gaurkotua, corpus astun batez arindua. Ez da lehenaren itzulpena".
Txomin Peillenen ustez, bere liburua hizkuntza ezagutzeko eta aberasteko bide bat da. Hiztegi guztiek bezala, noski. Baina honek baditu berezitasunak "erakutsi nahi izan dudalako biziaren hiztegia bizitzaren hiztegiarekin lotua dela, alegia, euskaraz, bizidunen hiztegiak, metaforaz edo metonimiaz oinarrizko hiztegi orokorra aberastu zuela".
Horrek esan nahi du euskarak lotura estua izan duela naturarekin? "Uste dut beste hizkuntzetan zertxobait berdin egin zutela -dio Peillenek- baina mendebaldeko gure auzo mintzairetan etimologia galdu duten hitzak hizkuntza klasiko batetik (grekoa, latina) gehiago hartu dituztela. Adibidez, euskaldun zaharrek ez zuten gogo hitza arnas hitzarekin lotu; hizkuntza erromanikoetan "spiritus" eta "anima" arnas hartzearekin lotuak dira eta Elizako latinak gure hizkuntzan sartu ditu".
Hiztegia osatzeko ibilbidea luzea izan da, 1970. urtean hasi baitzen Txomin Peillen lanean, zehatz-mehatz, biologiaren hiztegia biltzen. "Gero -dio- Sorbonan, Mitxelena Parisen zegoenean, semantikazko klaseak hartu nituen. Lehenik tropoen sailean sarturik A letratik Z letraraino hitz bakoitzaren hedadura aztertu eta hori lanaren erdia baizik ez zen izan".
Euskaldun zaharrek, biziaren hiztegitik abiatuz, munduaz zeukaten irudi berezia berpizten saiatu dela aitortzen du Peillenek. Bai, dio, "hiztegi horren osagai asko animista giro batean sortuak dira, horregatik lurbiraz eta kosmosaz antzinako artzain eta menditar ikuspegia ematen digute hala nola ura, lurra, sua, haizea eta zurra, baita eguzkia eta ilargia ere".
Sinesteek eta tabuek ere, hiztegian aztarnak utzi dituztela dio Txomin Peillenek, eta honela azaldu: "Azkueren Euskal Erriaren Yakintzan eta neronek egin euskaraz etnografia lanetan aurkitu nituen sinesteak eta tabuak. Sarritan, Euskal Herrian gorde direnak beste herrietan galdu diren antzekoak dira, erromatar kutsukoak edo hilak direla-eta arrima herratuen sinestean, baina ez beti. Tabuak dira, abere batzuen izenak ez aipatzea edo hankaren / zangoaren zatien izendatzeko anabasan".
Herri literaturaren ekarpena
Bestalde, herri literatura ere aztertu du, bertan freskotasuna aurkitu ahal delako: "Gure sakristia usaineko literatura zaharrak -zehazten du- ez digu hiztegi aberatsegia ematen, herri literatura bai, ausartagoa da sexu harremanen aipatzeko eliza liburuak baino".
Geografia, Matematika, Psikologia, Zuzenbidea... horiek guztiek zerbait zor diote biziaren hiztegiari: "Ez luzatzeko, hiztegi orokorrean beso, buru, erro, oin sailekoak, Matematiketan agertzen dira". Herri-psikologian, bestalde, Piarres Larzabalek aspaldian bildu zerrenda erabili du, "eta jendeen karakterrak eta ekanduak gehituz", nola erabiltzen diren landare eta animalien izenak -baita zeintzuk erabiltzen diren ere- ikertu eta azaldu du euskaltzainak.
Zuzenbideari dagokionez, "jakina, begi, buru, esku, oin saileko eta beste aurkitzen ditugu; Geografian aho, begi, buru, oin, sudur. Teknologian, adibidez, aizkorak badu ahoa, besoa eta begia. Nahikoa da Euskaltzaindiak azkenik argitaratu Hiztegi Batua ikusteko zenbat hitzek gure gorputzaren hiztegia darabilten".
Oro har, biologo izateak lagundu du Biologiaren hiztegia aztertzeko unean, "baina ez naiz itsutu, baitakit gure hizkuntzak ere latinari, gaskoiari eta gaztelaniari hiztegi orokorrerako hitz franko mailegatu dizkiela. Halere, biologia hiztegian bertan, tabuek ekarri hitzez kanpo, eman dezagun gorputzaren hiztegian, ez da mailegu larregi, elizako latinak denborarekin sartu bat edo beste".
Arnas, begi, bihotz, buru, esku, lohi (gorputz) bezalako hitzak ditu gogoko Txomin Peillenek, baita -"baina ez hainbeste"- izerdi, negar eta odol ere. "Animalietan -gaineratzen du- erbinude, hartz eta otso. Landaretan, arto, aza, patata, porru".
Liburuaren amaieran ondorio orokorrak jarri ditu Txomin Peillenek. Zeintzuk dira, baina? "Oraingo joera ikusi -azaltzen du- eta euskaldunek -literatura idazleak izan ezik- hitzen sortzeko eskubidea galdu dute eta nazioarteko izateko aitzakian gaztelaniazko "termino" zarrasta bat sartu digute. Oroitzen naiz UZEI erakundeari, orduan haiekin lanean abiatu nintzelako, protesta egin niola, haien garairaino erabiltzen genuen jakintza bazterturik hitz horren ordez, gaztelaniazko zientzia inposatu zigutela eta galdetu nien zer iritzi izango zuten Iparraldekoak frantsesetik hartuz zianza idazten hasi bagina, baina ordukoz euskaniolaren atea irekia zegoen eta "internazionalak" gara".
Liburua eskuratzeko, egin klik hemen.