Ekitaldian honako hauek hitz egin zuten: batetik, Juan Antonio Zarate Arabako Batzar Nagusietako lehendakariak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Xabier Agirre ahaldun nagusiak. Bestetik, Jose Luis Lizundiak eta Elena Martinez de Madinak Gasteizko Toponimia I (Hiria) eta II (Malizaeza) liburukiak aurkeztu zituzten. Aipatu ekitaldian, Patxi Uribarren euskaltzainak eta Manu Ruiz Urrestarazu Arabako ordezkariak hitzaldi bana eman zuten.
Manu Ruiz Urrestarazuren hitzaldia ekartzen dugu hona: "Arabaren arabera".
"Lurralde guztien historia luzea izan da eta konplexua gainera. Eta Arabarena, bere itxura xumean, kolore askotakoa izan dela ez da zail ikustea. Gaurko azalpen honetan toponimiari begiratuko diot, esan dudan konplexutasun horrek toponimian begi-begitara jotzen baitigu. Araban, beste kultura mugan izandako tokietan maiz gertatu den bezala, toponimiari begiratu dion pertsona aztertzaile asko topa dezakegu. Horrela Araban euskaltzale gehienak toponimiazale izan ditugu. Alor honetan, Onomastikan eta toponimian bereziki, gailen genuen gure maisu izandako Henrike Knörr lagun mina eta, lehenengo eta behin, bihoa harentzat gure gogorapen beroa".